Udalak larunbat gaueko sexu erasoa gaitzetsi du
Larunbat gauean eraso matxista bat gertatu zen Donostiako Gros auzoan, gizon batek etxera itzultzen ari zen emakume bati sexu erasoa egin zionean; Ertzaintzak 20 urteko gizon bat atxilotu zuen ondoren, erasotzailea izatea leporatuta. Horren aurrean, Donostiako Udalak gertatutakoa gaitzesteko erakunde adierazpena kaleratu du, udal talde guztiek sinatuta. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egin du adierazpenarekin.
“Udalak erabateko irmotasunez gaitzesten du gure bizilagunak jasandako erasoa. Gure hirian gertatutako indarkeria matxistak eragindako beste gertaera bat izan da”, dio udalak adierazpenean, eta biktimari zein haren ingurukoei “babesa eta elkartasuna” helarazi dio: “Udalak biktimari eskainiko dio udalaren arreta zerbitzuen laguntza, eta babes juridiko, soziala eta psikologikoa, eta behar duen laguntza guztia”.
“Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira, eta udalak guztiak gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizarte, mugimendu feminista eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Eta sexuen hezkuntza lantzea, horiek kudeatzeko trebetasunak eta baliabideak emateko. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela”, gaineratu du udalak.
Horrela, bihar, hilaren 10ean, Alderdi Ederren elkarretaratzera deitu du (12:00etan), gertatutakoa salatzeko. Era berean, jakinarazi du “hirian egiten diren deialdiekin bat” egiten duela. Hain zuzen ere, Groseko Asanblada Feministak eta Itaiak ere erasoaren aurkako mobilizazioak antolatu dituzte: Grosekoak asteartean, hilaren 10ean, Katalunia plazan elkarretaratuko dira, 19:30ean. Asanbladak “erabat gaitzetsi” du erasoa, eta mobilizazioa antolatu du sexu erasoa jasan zuen emakumeari “elkartasuna eta indarra helarazteko. Eta erakusteko nazkatuta gaudela, elkarrekin indartsuak garela, eta eraso bakoitzari erantzuna emateko prest gaudela”. Itaiak, ordea, gaur bertan, hilaren 9an, egingo du elkarretaratzea, 20:00etan, Bulebarrean. “Indarkeria matxista orori” aurre egiteko beharra nabarmendu dute.