'Zertako!' websaila sortu dute 'Polaina' podcasteko aktoreek
Maialen Sorzabalbere, Amaia Rojo eta Mikel Irazusta aktore donostiarrek lehengo urteko martxoan sortu zuten Polaina podcasta. Orain arte bi denboraldi egin dituzte, eta hirugarrenarekin batera sortu dute fikziozko websail bat ere: Zertako! izena du sorkuntza berriak, eta gaur estreinatu da lehenengo atala. Nerea Arriola, Arrate Hernandez eta Iñigo Serrulla aktoreen parte hartzea ere izan du eta zuzendari lanak, aldiz, Ekain Arrietak egin ditu.
Tabakalerako 2deo ikus-entzunezko laborategiarekin egindako elkarlana da websaila eta astero hiru atal zabalduko dituzte. Polaina podcastaren atal berriak igandetan zabalduko dituzte, eta podcast horren sare sozialetako profiletan (Youtuben, Twitterren eta Instagramen) Zertako! websailaren atalak estreinatzen joango dira.
AEBetako The Office telesaila hartu dute erreferente gisa, eta Polaina podcastaren atzean gertatzen direnak kontatu dituzte, “umore absurdoarekin”.