Alderdi Ederreko eskultura batzuk zaharberritzen ari dira
Donostiako Udala Alderdi Ederreko bi eskultura zaharberritzen ari da egunotan, eta, horregatik, hesi batekin inguratuta daude. Lanek hiru aste iraungo dituzte, eta 8.500 euroko aurrekontua dute. PSE-EEk sare sozialetan jakinarazi duenez –haren eskumeneko Hiri Mantentze Lanetako sailetik ari dira lanak egiten–, zaharberritze lanei esker plaka bat agertu da eskulturen oinarrian, non jartzen duen Parisen (Frantzia) egindakoak direla. Estilo neoklasikokoak dira, XIX. mendekoak.