Arte Ederrak "babesik gabe" utzi dutela salatu du Ancorak
Orain gutxi arte, estatuko zinematograforik zaharrena zuen bere barruan Arte Ederrak eraikinak. Halaxe gogorarazi du Ancora elkarteak: “Zalantzarik gabe, balio historiko eta arkitektonikoa du. ICOMOSek, UNESCOk ondarearen arloan duen aholkularitza erakundeak, nazioarteko alerta bat jarri zuen abian, haren babesa eskatzeko. Adierazpen horrek pisu handia izaten jarraitzen du, eta gure hiriak hirigintza kudeaketan arazo larria duela erakusten du, astero eraisketak egiten baitituzte”.
Ancoraren ustez, Eneko Goia alkateak eta udal gobernuak herritarrak, elkarteak eta ondarearen aldeko lanean ari direnak “alde batera” utzi nahi dituzte, “gutxi batzuek milioi askoko etekinak lor ditzaten”. Madrilgo Canalejas operazioan gertatu antzera, Interes Kulturaleko Ondasun izendatutako eraikin bat “babesik gabe” utzi dutela salatu du elkarteak, zatika eraisteko: “Lehenik kupula, orain barrualde osoa eta gero alboko fatxaden zati garrantzitsuak, espekulazio basatia ahalbidetzeko”.
Jatorrizko eraikinaren %20 baino ez da mantenduko etorkizunean, Ancoraren arabera. Bi errekurtso jarri dituzte, HEOBPB-ren fitxa eta eraisteko hirigintza lizentzia “ez direlako bateragarria”. Joan den urrian kautelazko geldialdi bat lortu zuten, obrak “ezkutuan” hasi zirela salatu ondoren. “Etenaldi hori ezin izan genuen mantendu fidantza gisa 4 milioi euro eskatzen zizkigutelako”. Horiek horrela, lanak berrabiarazi zituzten eta eraikinaren barrualdea eraitsi dute. Soilik fatxadak mantendu dituzte, babes maila dutenak. “Azkenean lizentzia gaizki eman zela frogatuko balitz, udalak legez kontra eraitsitakoa berreraiki beharko du”, nabarmendu du Ancorak.