Asteburuko sexu erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin du udalak
Donostiako Udalak igande goizaldean Grosen gertatutako sexu erasoa gaitzesteko erakunde adierazpena kaleratu zuen astelehenean, eta gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea egin du astearte eguerdian Alderdi Ederren, talde politiko guztietako zinegotzien parte hartzearekin. “Pertsona guztiak askeak gara, eta justizia bere pisu guztiarekin erori behar da elkarbizitza arau minimoak errespetatzen ez dituztenen gainean”, adierazi du Eneko Goia alkateak.
Erasoa igande goizaldean gertatu zen, emakume bat etxera itzultzen ari zenean. Hedabide batzuek argitaratutako informazioaren arabera, bere atarian sartzen ari zela hurbildu zitzaion gizon erasotzailea. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, SOS-Deiak larrialdietarako telefonoan abisu bat jaso zen polizia bertaratzeko eskatuz, emakume bati ustez sexu eraso bat egin baitzioten etxera itzultzen ari zela. Ondoren, 20 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak, erasotzailea izatea leporatuta. Hain zuzen ere, astelehen iluntzean sartu zuten gizona Martuteneko espetxean.
Protestak
Erasoa salatzeko elkarretaratze bat egin zuen Itaiak astelehen arratsaldean, Bulebarreko kioskoaren aurrean. Besteak beste, indarkeria matxistari aurre egiteko beharra “gero eta nabarmenagoa dela” adierazi du Itaiak, eta horretarako, beharrezkotzat jo du langile antolakuntza. Bestalde, gaur arratsaldean, Groseko Asanblada Feministak deituta, elkarretaratzea egingo dute Katalunia plazan, 19:30ean.