Asteburuko sexu erasoa gogor salatu dute Grosen
Groseko Asanblada Feministak deituta, hainbat herritar Katalunia plazan elkarretaratu dira astearte arratsaldean, Auzodefentsa feminista. Erasorik ez erantzunik gabe lelopean. Igande goizaldean emakume batek Grosen jasandako sexu erasoa “erabat gaitzesteko” eta emakumeari “elkartasuna eta indarra helarazteko” mobilizatu dira. “Erakusteko nazkatuta gaudela, elkarrekin indartsuak garela, eta eraso bakoitzari erantzuna emateko prest gaudela”, gaineratu dute. Erasoa emakumea etxera itzultzen ari zenean gertatu zen, eta, handik gutxira, 20 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak, erasotzailea izatea leporatuta, eta Martuteneko espetxean dago astelehen iluntzetik.
Indarkeria matxista guztien muina egungo “sistema heteropatriarkal eta kapitalista” dela salatu dute: Indarkeria da botereek erabiltzen duten tresna eta estrategia emakumeen eta haurren, lesbianen, transexualen, bisexualen, transgeneroen, intersexualen, gorputz eta jatorri anitzetako pertsonen aurka, gure bizitzaren eremu guztietan azpiratzen saiatzeko, baita gauez etxera bakarrik itzultzen garenean ere”.
Bestalde, fokua soilik erasotzaileen aurkako zigor eskaeretan jartzea kritikatu dute: “Ikusten dugu horrek guztiak mesede egin diola aldarrikapen feministen instrumentalizazioari, […]; ikusten dugu feminismo punitibista eta zigortzaile horrek, ezinbestean, jazarpen poliziala eta judiziala behar dituela eta justifikatzen dituela indarkeria matxistei aurre egiteko. Gainera, uste dugu prozesu horrek erasoa jasan duen pertsona berbiktimizatzen duela fokua beregan jarriz, […] indarkeria sexistari bide eman eta sustatzen duten elementuengan jarri ordez, heteropatriarkatuan, alegia”.
Gainera, azaldu dute zigorrak handitzeak ez duela arazoa konpontzen: “Estatistikek erakusten duten moduan, zigorren handitzeek eta delitu kopuruak ez dute bat egiten, eta zigorraren justifikazio nagusia diren prebentzio orokorra edo zigor mehatxuaren bidezko inhibizioa, ez direla enpirikoki eraginkorrak izaten ari. Bestalde, zigorren hazkundeak indartu egin du estatuaren koakzio aparatua, eta, horrek albokalte negatiboak ditu gehienbat emakume pobre, zaurgarri eta transgresoreengan”. “Bide judizial horiek erasotzailea zigortzera mugatzen dira, eta ez erroko eraldaketa bat sustatzera, ez eta erasoa jasan duen pertsonaren osatze eta erreparazio beharrak asetzera ere”, gaineratu dute.
Horrela, “autodefentsa transfeministaren” beharra aldarrikatu dute: “Ezinbesteko estrategia da gure gorputzetan sartu nahi diguten beldurraren mezuari aurre egiteko, eta gure askatasuna bizitzeko. Ez gara errudun edo lotsatuta sentituko jasotako indarkeriagatik. Asko gara ordena patriarkal, kapitalista, arrazista, kapazitista eta kolonial honen aurka borrokatzen eta arrakalak dinamitatzen ari garenok, eta beti egongo gara elkarrekin: lagunekin, amekin, amonekin, alabekin, maitaleekin, ikaskideekin, lanekoekin, bagoi-kideekin, bizilagunekin… Herrietan, kaleetan eta auzoetan gure artean artikulatzen, saretzen eta aliatzen jarraituko dugu, indartsuak garelako eta kolektiboan sinisten dugulako. Finean bizitza aske eta feministetan sinisten dugulako”.
Jarraian, irakurketa osoaren bideoa: