Egun osoko egitaraua antolatu du Ehun mugimenduak larunbaterako
Maiatzaren 14ean 'burujabetza iraultzaz euskal errepublika' lelopean egun osoko egitaraua antolatu dute, besteak beste, David Fernandezekin.
Maiatzaren 14ean ‘burujabetza iraultzaz euskal errepublika’ lelopean egun osoko egitaraua antolatu du Donostian Ehun mugimenduak.
Solasaldi bat egingo dute lehenik, David Fernandez ANCko lehendakariordea eta Unai Apaolaza Ehuneko kidea izango dira elkarri galdezka San Jeronimo kaleko kriptan goizeko 11:00etan. Ondoren ekitaldi politikoa izango dute 12.30etan Trinitate plazan. “Burujabetzak praktikara eramateko” izena eman dutenak aurkeztuko dira bertan eta lehenengo “burujabetza ekintza” egiteko data, ordua eta lekua esango ditugu. Bukatzeko bazkaria eta musika izango dituzte.
Duela bost urte inguru sortu zen Antiguan Ehun mugimendua, Unai Apaolaza sustatzaileetako batek honela kontatu zion IRUTXULOKO HITZAri: “Ikusten genuelako eguneroko arazoetatik abiatuz ez zela Euskal Errepublika baten beharra justifikatzen, eta horrekin hasi ginen. Zergatik ez Euskal Errepublika? dinamikatik sortu zen. Antiguako edozein arazoren aurrean zenbait ekintzaren bitartez Euskal Errepublikaren beharra plazaratzen hasi ginen. Oso zehatzetik hasten gara eskaera globala egiteko. Pixkanaka handituz joan da, eta jendea antolatzen da ekintza zehatzak egiteko. Guk ekintzei erabateko lehentasuna ematen diegu: ekintzarik ez badago Ehun ez dago. Ekintzak dira guretzat entzuten ez diren diskurtsoak plazaratzeko modu bat”.