Emakumeen Euskal Herriko Itzuliaren maillotak aurkeztu dituzte
Emakumeen Euskal Herriko Itzulia hilaren 13tik 15era egingo dute. Gasteizen hasi eta Donostian bukatuko da. Hiru etapa izango ditu, eta, guztira, 363,60 kilometroko ibilbideari aurre egin beharko diete parte hartzaileek. Gaur goizean lasterketako maillotak aurkeztu dituzte Donostiako Udaletxean.
Gobik enpresak diseinatu ditu maillotak. Liderraren maillot horia Laboral Kutxak babestuko du, mendiko liderrarena, zuria puntu gorriekin, Eusko Labelek, puntuen arabera hobekien sailkatutako txirrindulariarena, berdea, Gipuzkoako Kirol sailak, eta hobekien sailkatutako txirrindulari gazteenaren maillota, urdina, Euskadi Basque Country markak.
Klasikoaren ordezkoa
Aurten ez da Emakumeen Donostiako Klasikoa egingo, eta haren ordezkoa izango da Donostian bukatuko den Itzuliaren hirugarren etapa –hilaren 15ekoa–. Etapak klasikoaren ibilbide bera izango du (139 kilometro), eta Murgil Bidea erabakigarria izango da etapari eta sailkapen orokorrari begira.
Lehen etapa, berriz, Gasteiz eta Bastida artekoa izango da (105,90 kilometro), eta bigarrena Mallabian hasi eta bukatuko da (117,90 kilometro). Itzuliak orotara hamahiru mendate puntuagarri izango ditu; hirugarren mailako bederatzi, bigarren mailako hiru eta lehen mailako bat. Bitarteko esprintei dagokienez, guztira sei izango dira, bi etapa bakoitzean.
UCI World Tour mailako hamabi taldek parte hartuko dute Itzulian: Movistar, Trek-Segafredo, Team BikeExchange-Jayco, Liv Racing, SD Work, UAE, DSM, Roland Cogeas, Canyon/Sram, FDJ, EF Education eta Human Powered Heath. Era berean, UCI Kontinental mailako hamar talde ere izango dira irteeran: Valcar, Massi, Eneicat, Bizkaia-Durango, Bepink, Top Girls Fassa Bortolo, Arkea, Le Col Wahoo, Laboral Kutxa eta Sopela.