Euskalgintzako hamabi eragilek bat egin dute Euskara Aurrera egitasmoarekin
Hilaren 21ean manifestazioa egingo dute Donostian, 'Euskara Aurrera' lelopean.
Gaztealdiak, euskararen aldeko gazteen sareak, apirilean aurkeztu zuen Euskara Aurrera egitasmoa, euskararen aldeko “urrats erraldoi” bat egiteko helburuarekin. Iragarri zuten maiatzaren 21ean manifestazio handi bat egingo zutela, eta, hain zuzen ere, euskalgintzako hamabi eragile garrantzitsuk agerraldia egin dute astearte eguerdian Donostian, egitasmoarekin eta manifestazioarekin bat egiten dutela iragartzeko. Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Antiguako tuneletik, eta euskaltzale guztiak parte hartzera deitu dituzte.
Honako euskaltzale hauek izan dira agerraldian: Paul Bilbao (Euskalgintzaren Kontseilua), Kike Amonarriz (Euskaltzaleen Topagunea), Urko Aierbe eta Koldo Zarate (Euskal Herrian Euskaraz), Lorea Agirre (Jakin), Jon Abril (Elhuyar), Alex Aginagalde (Pantailak Euskaraz), Rober Gutierrez (Bai euskarari), Laida Begiristain (Maizpide euskaldegia), Koldo Tellitu (Ikastolen Elkartea), Alizia Iribarren (AEK) eta Joan Mari Larrarte (Elkar). Era berean, jakinarazi dute UEMAk ere bat egin duela egitasmoarekin.
Euskararen aldeko “herri gogoa” badela nabarmendu dute eragileek: “Pasa berri den asteburuan ikusi dugu euskalduntzeak bide zaharrak eta erronka berriei erantzuteko gaitasuna uztartu behar dituela. Larunbatean Iruñean eta igandean Senperen milaka euskaltzalek nahiz Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz irudikatzen duten pertsonek kaleak eta laku ertzak hartu ditugu. Euskararen aldeko herri gogoa badela eta aurrerantzean egongo dela adieraziz”. Era berean, “egoerari parez pare begiratu” behar zaiola nabarmendu dute: “XXI. mendean bete-betean sartuta gauden honetan euskarak nahi baino zailtasun eta erronka gehiago ditu: euskararen aurkako epai juridikoak areagotu egin dira azken garaiotan, egungo hizkuntza politikak aski-ezak dira euskarak esku artean dituen erronkei erantzuteko, ezagutzaren unibertsalizazioa egia bilakatzeko urrats erabakigarriak faltan dira, eremu digitalean euskarak presentzia duina izan dezan neurri berriak behar dira”.
Bestalde, euskaltzaleen konpromisoa “beharrezkoa” dela gogorarazi dute: “Gaur gaurkoz ezin dezakegu esan euskararen etorkizuna bermatuta dagoenik. Euskara XXI. mendera bizirik heldu bada, milaka euskaltzaleren konpromisoari esker izan da. Etorkizunean euskarak aurrera egingo badu milaka euskaltzaleren konpromisoari esker izango da”. Ildo horretatik, konpromisoaren “kimu berririk eta argi izpirik” ikusten dutela esan dute: “Euskalgintzak bere eguneroko jardunean herri hau euskaratik eta euskaraz eraikitzen jarraitzen du; inoizko Korrika jendetsuena eta indartsuena izan da igaro berri dena; Gazte Euskaltzaleen Sarea sortu da, gazte belaunaldi berri bat euskararen aldeko borrokara batzeko asmoz”.
Horrela ere, hilaren 21eko manifestazioan “aurrera urratsa” egiteko beharra nabarmendu dute: “Aurrera urratsa egin behar dugu: Euskaldun gisa bizitzeko eskubidea eta nahia betetzeko. Euskara normalizatzeko. Hizkuntzen, hizkuntza komunitateen eta herrien berdintasunean oinarritutako munduari gure ekarpena egiteko. Guztion hizkuntza eskubideak errespetatzeko. Justizia eta demokrazia auzia delako hau. Euskara herri kohesiorako zuntza izateko. Finean, Euskal Herri euskalduna izateko”.