Elkarte gastronomikoetako kafe hondakinak lehengai bihurtzeko kanpaina abiarazi dute
KafeEKOak, ekonomia zirkularreko egitasmo “aitzindaria”, martxan jarri dute Donostian, kafearen kontsumoarekin loturiko hondakinak gaika jaso eta bigarren bizitza bat emateko helburuarekin. Donostiako Udalak, Cristina Enea Fundazioak, KAFEAeco enpresak eta Rural kutxak hartzen dute parte ekimenean, eta hiriko 50 elkarte gastronomiko baino gehiagotan garatuko da.
Gaur aurkeztu dute egitasmoa udaletxean, eta bertan izan dira Marisol Garmendia Ekologia zinegotzia, Iñaki Muro KAFEAeco enpresako zuzendari komertziala eta Iñigo Calafell Rural kutxako erakundeetako arduraduna Gipuzkoan. Kafearekin lotutako hondakinak (kafe-marroa, kapsulak, poltsak, zakuak, etab.) botatzeko eta doan biltzeko ontziak jarriko dituzte elkarte gastronomikoetan, eta, ondoren, birziklatze-planta batera bideratuko dira, hondakin-ontzietara beharrean. Elkarteetan jarriko dituzten ontziak ere hondakin horiekin egindakoak dira (1.250 kapsula erabiltzen dituzte horretarako).
KafEKOak Ekogras enpresaren barruan sortutako proiektu bat da. “30 urte baino gehiago daramatzagu olioa birziklatzen, eta gure gerenteak, Xabier Muruak, buruan zeukan ekonomia zirkularrari beste bultzada bat emateko ideia. Beraz, duela urtebete Donostiako kaleetan edukiontziak jartzen hasi ginen kafe hondakinak biltzeko proba pilotu gisa, eta urtebetean 1,3 milioi kapsula jaso ditugu Donostian, eta Gipuzkoa osoan, 4,5 milioi kapsula (56 tona inguru), izan ere, denborarekin beste herri batzuetan ere jarri ditugu edukiontziak”, azpimarratu du Murok. Jakinarazi duenez, kafea munduan gehien kontsumitzen den produktua da, petrolioaren atzetik.
Orain, egitasmoa elkarte gastronomikoetara zabaldu nahi dute, horretarako leku aproposak direla uste dutelako. “Elkarteetan etxe desberdinetako jende asko biltzen gara, eta bertan ikasten duguna etxera eraman dezakegu, kasu honetan, birziklatzeko kontzientzia”, esan du Murok. Jasotako hondakin guztiak KAFEAeco-k Adunan (Gipuzkoa) dituen instalazioetan tratatzen dituzte. “Kapsulak biltzen ditugu, Adunan txikitzen ditugu, material plastikoa, kafea eta aluminioa banatzen ditugu eta zerbait gehiagotan bihurtzen ditugu. Hori da ekonomia zirkularra”, gehitu du. Besteak beste, material horrekin birziklatzeko ontziak, mahaiak eta hiri-altzariak egiten dituzte.