Babes ofizialeko etxebizitza gehiago eraikitzeko eta etxebizitza hutsekin bukatzeko eskatu du Elkarrekin Donostiak
Elkarrekin Donostiak hiriko “bizitegi larrialdiari aurre egiteko neurriak” eskatu dizkio udal gobernuari, eta, zehazki, zera proposatu du: hirian sustatzen diren etxebizitzen %60 babes ofizialekoak izatea, “beti ere urbanizazio kostuak eraikuntza kostuaren %5 gainditzen badu, hau da, Lurzoruaren Legeak ezartzen duen minimoa baino %20 gehiago”, eta Donostian “hutsik dauden ia 5.000 etxebizitzekin amaitzeko urratsak ematea”. Esaterako, Alokabideren bidez merkatura aterata. Hala azaldu du Haizea Garai zinegotziak ostegun goizean eskainitako prentsaurrekoan.
“Beharrezkoa da udal gobernuak 180 graduko bira ematea etxebizitza politiketan, legean jasotako helburu sozialari erantzuteko, hirian dauden 12.000 etxebizitza eskatzaileek oinarrizko eskubide hori eskuratzeko aukera izan dezaten”, nabarmendu du Garaik, baita gogoratu ere Espainiako Estatuan etxebizitzaren preziorik garestiena duten hirien artean dagoela beti Donostia. “Nahierara egindako hirigintza bultzatzen duen udal gobernu batek eragin du, interes pribatuen zerbitzura, hirigintza espekulazioa, garapen bereizleak, eta hainbat tipologiatako turismo ostatuak kontrolik gabe ugaltzea sustatuz”, gaineratu du zinegotziak.
Era berean, Garaik salatu du hiriko etxebizitza sustapenetan soilik legeak ezartzen duen babes ofizialeko etxebizitza kopuru minimoa eraikitzeko exijitzen diela enpresei: “%40 hiri lurzoruan eta %75 lurzoru urbanizagarrian; eta, batzuetan, gutxieneko hori eraikitzetik salbuesteko zirrikitu juridikoak egiten ditu, babes ofizialeko etxebizitzak ez baitira gauzatzen edo legea baino gutxiago baitira. Hau da, gobernua gutxiengo baten zerbitzura dago, etxebizitzarekin negozioa egin nahi duena, interes orokorrari jaramonik egiten ez dion bitartean”.
Bestalde, Elkarrekin Donostiaren arabera hirian hutsik dauden 5.000 etxebizitza horiek Alokabideren programan sartzea beharrezkotzat jo du Garaik:Donostiako Etxegintzak kudeatzen dituen etxebizitzen kopurua handitu behar dela gaineratu du Garaik: “Programa hori Donostiako Etxegintza etxebizitza sozietate publikoak kudeatzen duen etxebizitza hutsarekin amaitzeko da, eta urtez urte ikusten dugu kudeatzen duen etxebizitza kopurua ez dela nahikoa, eta, gainera, ikusten dugu etxebizitzen kopuru hori pixkanaka jaisten ari dela. Gaur egun, 283 etxebizitza baino ez dira kudeatzen, 2016ko 369 etxebizitzekin alderatuta. Nolanahi ere, zifra horiek ez dira nahikoak etxebizitza hutsen kopuru handiari dagokionez”.
Etxebizitza eta turismoa
Zinegotziak gogorarazi du hirian gero eta hotel eta etxebizitza turistiko gehiago egoteak “etxebizitza kopuruan presioa” eragiten duela, “prezioak neurriz kanpo handituz”. Hain zuzen ere, Elkarrekin Donostiak abenduan eskatu zuen hotel eta ostatu turistiko berrien lizentzien moratoria bat, baina, salatu duenez, “udal gobernu hau herritarrak despistatzen saiatu da hotel berrietarako luzamendu bat ezartzen ari zela esaten ari zenean, kontzesio horiek ematen jarraitu direlako”. Ildo horretatik, Arte Ederrak eraikinaren inguruan izandako azken albistea –Hilton luxuzko hotel bat egingo dute han– “enegarren adibidea” dela salatu du Garaik. “Eneko Goia, EAJ eta PSE-EE dira hiria bizitzen ari den larrialdi egoeraren erantzuleak”, gaineratu du zinegotziak.
Horregatik, Elkarrekin Donostiak datorren astean berriz interpelatuko du udal gobernua: “Donostia turismorako erakusleiho bihurtzeak, hiria hotel handi bihurtzeak, negozioaren bila dabiltzan hainbat putre eta espekulatzaile erakartzea eragiten duelako, donostiarrak beren hiritik kanporatuz”. Garairen ustez, udal gobernua “bi abiadurako hiria” sustatzen ari da: “Bata, espekulazioaren eta hirigintzaren nahierara egindako trena. Bestea, esplotatua eta kaltebera, gero eta prekarizatuagoa eta bere auzoetan jarraitzeko aukerarik gabea. Azken batean, kohesionatu gabeko hiria, non pribilegiatuek gero eta pribilegio gehiago izango dituzten eta zapalduak gero eta esplotatuago egongo diren”.