Hiriko lorategietako 20.000 erraboil eta 35.000 landare loredun oparituko dituzte
Iazko azaroan estreinakoz egindako egitasmoa errepikatuko du datorren astean Donostiako Udalak, eta hiriko lorategietatik erretiratutako milaka erraboil eta landare loredun herritarren artean oparituko ditu. Zehazki, neguko loreak banatuko dituzte, udaleko iturriek azaldu duetenez: “Ez dira aurrekoan banatutakoak bezain ikusgarriak, eta erraboil asko daude. Ondo zainduz gero errekuperatzen dira, eta horretarako jarraitu beharreko pausoak azaltzen dituzten eskuorriak banatuko ditugu”. Eskuorri hori hemen kontsultatu dezakezue.
Hain zuzen ere, 20.000 erraboil inguru banatuko dituzte, tulipenak, hiazintoenak eta nartzisoenak. Azken horiek, ez dira Frantzia pasealekuko nartziso ospetsuak, beste leku batzuetakoak baizik; Frantzia pasealekukoak berriki moztu egin badituzte ere, erraboilek hor jarraitzen dute, datorren urtean berriz hazi daitezen. Era berean, 35.000 bat landare loredun banatuko dituzte: hilerri-liliak, udaberri-loreak eta ahuntz-prakak, nagusiki.
Datorren asteko asteazkenean Ramon Labaien plazan egingo dute banaketa, ostegunean Ondarreta pasealekuan eta ostiralean Pio XII.aren plazan, Amara Plaza hotelaren parean. Hiru egunetan, 10:30ean hasiko dira landareak banatzen, agortzen diren arte.