Zinemaldiaren 70. urteurreneko erakusketa zabalduko dute udan Tabakaleran
Imajinatu Zinemaldia, Zinemaldiaren 70. urteurrenaren harira sortutako erakusketa, Tabakaleran egongo da ikusgai uztailaren 4tik irailaren 24ra. Ikus-entzunezkoa izango da, eta gorazarre egingo die publikoari, ikus-entzunezko industriari, komunikabideei eta hiriari. Morgancrea estudioa izango da Imajinatu Zinemaldia erakusketaren komisarioa, eta Tabakalerako hainbat instalazio hartuko ditu beheko solairuko plazaren eta lehen solairuaren artean.
Aurkezpena gaur egin dute Tabakaleran, eta bertan parte hartu dute Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak, Eneko Goia alkateak, Markel Olano diputatu nagusiak, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak, eta Carlos Rodriguez eta Asun Lasarte erakusketaren komisarioek. “Aurten 70 urte beteko ditugu, eta nahiz eta ospakizun handiak egitea ez zaigun gehiegi gustatzen, zerbait berezia egin nahi genuen, Donostiako publikoari omenaldi bat egiteko eta Zinemaldiaren historia modu berezian errepasatzeko. Horrez gain, komunikabideei eta ikus-entzunezko industriari ere eskaini nahi diegu erakusketa, uste dugulako guztiok batera posible egiten dugula urtero ekimena aurrera ateratzea”, nabarmendu du Rebordinosek.
Rodriguezek azaldu duenez, Zinemaldiaren iruditeriako une ikonikoetako batzuk jasoko ditu erakusketak. Alfred Hitchcock Victoria Eugenian Vertigo (Bertigo, 1958) aurkezten; Harrison Ford eta Carrie Fisher Star Warsen ( Izarretako gerra, George Lucas, 1977) Europako estreinaldian; John Travolta Kontxako hondartzan paseatzen 1983an; Bette Davis 1989ko prentsaurrekoan; edo U2 taldeko Bono abeslaria Penelope Cruzi 2019an, ezustean, Donostia saria ematen, besteak beste. “Erakusketa hau ia %100 ikus-entzunezkoa izango da. Zinemaldiari buruzko beste erakusketa batzuetan ez bezala, artxibo zinematografikoak berreskuratu nahi izan ditugu garrantzitsua iruditzen zaigulako Zinemaldiak urte hauetan utzi dizkigun une gogoangarriak publikoari aurkeztea”, azpimarratu du Rodriguezek.
Horrez gain, mugarri nagusiak gogoratzeko, Zinemaldiaren nortasun-ikur batzuk erabiliko dira. Zinemaldiaren alderdi ludikoenak gogoratuko dituzten elementuak ikusiko ahal izango dira zentroan; tartean, photocalla, Zinemaldiaren egunkaria, zinema-aretoak eta alfonbra gorria.
Argazkiak bidaltzeko deialdia
Era berean, Zinemaldiaren zaleei erakusketan jartzeko argazkiak bidaltzeko deia egin diete. Nahi duenak, zinemagile, interprete edo gidoilariekin Zinemaldian (alfonbra gorrian, Maria Cristina hotelaren kanpoaldean edo hiriko beste edozein tokitan) atera dituen selfie edo argazkiak bidaltzeko aukera izango du, eta baita beste garai batzuetan ateratako argazkiak bidaltzeko ere.
Bidalitako argazki guztien artean aukeraketa bat egingo da, eta aukeratutako argazki horiek Imajinatu Zinemaldia Zinemaldiaren 70. urteurreneko erakusketan erakutsiko dira. Gainera, argazkiak bidaltzen dituzten lehen 500 pertsonek Belodromoko saio baterako sarrera bikoitz bana jasoko dute. Esteka honen bidez bidal daitezke argazkiak.