Zirkulazioaren hainbat itxiera egingo dituzte asteburuan, kirol probak direla eta
Igandean, hilaren 15ean, hainbat kirol ekitaldi egingo dituzte Donostian, eta, horregatik, hainbat itxiera egingo dituzte hiriko zirkulazioan asteburuan. Hain zuzen ere, igandean Emakumeen Euskal Herriko Itzulia, Enpresen Lasterketa eta Realaren partida izango dira hirian. Horrela, ekitaldi horiek bereziki Groseko, Erdialdeko, Amarako eta Antiguako zirkulazioan izango dute eragina.
Alde batetik, Bulebarra ibilgailu guztientzat itxita egongo da larunbateko 19:00etatik 22:00etara, eta igandeko 06:30etik 17:00etara; neurri horrek taxiei eta autubusei ere eragingo die, Legazpi kaletik Hernani kalera doan Bulebarraren zatian. Bestetik, igandeko 07:00etatik 17:00etara itxita egongo da Kolon pasealekutik Askatasunaren hiribidera doan eremua, Bulebarra eta Hernani eta Andia kaleak barne. Era berean, igandeko 09:45etik 11:30era zirkulazioa itxita egongo da eremu hauetan: Kursaal zubian, Zurriola hiribidean, Kolon pasealekuan, Jose Miguel Barandiaran kalean, Luis Peña Santiago kalean, Salamanca pasealekuan, Soraluze kalean, Miramar kalean, Askatasunaren hiribidean, Easo kalean, Zubieta kalean, Mirakontxa kalean, Satrustegi kalean, Zumalakarregi kalean, Kristina Infantaren kalean eta Kontxa pasealekuan.
Horrez gain, Pasealeku Berriko zirkulazioa igandeko 16:00ak arte itxita egongo da, Gipuzkoako Argazkilari Elkartetik Aquariumera, eta ibilgailuek ezingo dute pasealekuan aparkatu larunbatetik. Bestalde, Igeldoko Kristobal Balentziaga, Igeldo eta Aita Orkolaga pasealekuetako zirkulazioa itxita egongo da igandeko 12:00etatik 13:30era goranzko norabidean, eta 12:30etik 13:30era beheranzkoan. Beti ere, Euskal Herriko Itzuliaren araberakoak izango dira itxiera horiek, beraz, aurreratu edo atzeratu egin daitezke.
Kirol proben araberako unean uneko beste itxiera txiki batzuk ere egingo dituzte hiriko gune batzuetan, eta xehetasun guztiak udalaren webgunean kontsultatu daitezke.