Anoeta estadioaren inguruan botatako zuhaitzak ordezkatzeko eskatu du Eguzkik
Donostiako Udalak pasa den astean onartu zuen Anoeta futbol zelaiaren ingurua berriz ere urbanizatzeko proiektua. Guztira, 6.798.160 euro bideratuko dituzte eta lanak 2026rako bukatuta egotea aurreikusten du udalak. Horren harira, Eguzki Erakunde Ekologistak eskaera bat luzatu dio udalari: “Estadioa handitzeko bota ziren 150 zuhaitzak ordezkatzeko aprobetxatu dezala, horretarako behar beste diru bermatuz”.
Eguzkik gaineratu du urbanizazioa egitea beharrezkoa dela, baina estadioa handitzeko 150 zuhaitz bota zirela. “Beraz, estadio inguruko eraztun berde hori, behintzat, berreskuratu egin behar da, neurri ertaineko 150 zuhaitz sartuz. Amara dentsitate handiko auzoa da, berdegune asko ere ez dituena. Eraztun berde hori, behintzat, berreskuratu egin behar da. Gainera, gaur egun estadioaren inguruak duen porlanezko basamortu itxura leuntzen lagunduko du. Ez dugu uste 7 milioi euroko aurrekontu batetik %1 zuhaitzak landatzera bideratzea asko eskatzea denik”.