Auditz Akular proiektua, 22 urtez geldirik
2000. urteko ekainean aipatu zituen lehenengoz garaiko alkate Odon Elorzak proiektuaren nondik norakoak. Hastapenetatik polemika eta zalaparta handia sortu duen egitasmoa izan da.
Donostian sekula egin den hirigintzako esku hartzerik garrantzitsuena da». Hitz horiekin iragarri zuen Elorzak bere lantaldeak Auditz Akular eraldatzeko ondu zuen proiektua. Urte hauetan guztietan planak aldaketa batzuk izan baditu ere, 3.000 etxebizitza baino gehiago hitzeman zituen, gehienak, %80tik gora, babes ofizialekoak. Horrez gain, berdeguneak eta aparkalekuak ere bazeuden aurreikusita. Guztira, 110 hektareatako gunea, Loiolako Erribera halako hiru.
Orduko oposizioari, ordea, alkatearen asmoak begia jo zion, eta proiektua atzeratuz joan zen. Hala, eta, zenbaitetan aurrera aterako zela bazirudien arren —2004an, 2010ean eta 2014an—, gaur arte ez da harri bat bera ere jarri.
Altzako eremu honetarako aurreikusita dagoen antolamendua 2008ko higiezinen krisia baino lehenagokoa da, eta egungo udal gobernuaren ustez, aldatu egin behar da. «Egoera erabat aldatu da, eta, beraz, antolamendua berrikusi behar da Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzeko gogoeta prozesuaren barruan. Garai hartan finkatu ziren irizpideak ez dira egokiak, eta berriz aztertu behar dira», azaldu dute udaleko iturriek.
Artzakan argi dute
Artzaka baserrian ezaguna zaie auzia. Bertan ere nabaritu dute proiektua geldi dagoela: «Orain dela hogei urte baino gehiago egin zen desjabetzea. Baserrioi haiek jarritako diru kopurua ordaindu zitzaigun, baina geroztik ez da ezertxo ere mugitu. Pare bat aldiz etorri izan dira zulaketa batzuk egitera, baina hogei urte pasa dira eta oraindik ez dute ezertxo ere egin».
Bere garaian, Casares Kultur Etxean egitasmoaren maketa bat egon zen ikusgai, eta hara joan ziren, «nola geldituko zen ikusteko». Egun duten lasaitasunaren aldean, jakitun dira proiektua aurrera ateraz gero inguruko paisaia goitik behera aldatuko litzaiekeela: «Aurreikusita zegoen planean gure ondo-ondoan ez zegoen etxebizitzarik, baizik eta aparkaleku txiki bat, umeentzako parkeak… Baina, azkenean, bideak, jendea… ja ez da gauza bera izango. Berdea ikusi edo porlana ikusi, bada, ez da gauza bera».
Hortaz, eurak ere ez egitearen aldekoak dira, jendearen beharra ulertzen duten arren: «Ez dago ondo esana, jendea horrelako etxebizitzen zain dagoelako; baina, oxala, ez balute egingo».