Donostiako Udalak 8,4 milioi euro erabiliko ditu ekonomia sustatzeko
Donostiako Udalak, Donostia Sustapena erakundearen bidez, ekonomia bultzatzako plana aurkeztu du, 8.457.723 €-ko inbertsioarekin. Hortik erdia, 4 milioi euro, lan merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten taldeentzat lan aukerak sortzeko erabiliko dira.
Planak bost jarduera ildo aurreikusten ditu, bakoitza dagokion aurrekontuarekin: lau milioi euro lurralde kohesioa eta enplegua sustatzeko izango dira, lan merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten taldeentzat, esaterako, gazteentzat, emakumeentzat eta 45 urtetik gorakoentzat. Milioi bat euro enpresa proiektu berriak bultzatu eta ekintzailetzaren aldeko apustua egiteko izango da.
Kalitatezko zerbitzuen enpresa sarea indartzeko eta eraldaketa digitala egiten laguntzeko, berriz, 2,19 milioi euro eskainiko dira. Zientzia eta berrikuntza bultzatzeko 476.890 euro eta hiri eraldaketa jasangarri eta berritzaileak lantzeko 686.101 euro
Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi duenez, “apurka-apurka amaitzen ari den pandemiaren bi urte gogorren ondoren, egoera larrienean dauden pertsonei eta sektoreei laguntzea da ekonomia bultzatzeko plan berri honen helburua, oraindik ere botere publikoek ahalegin bat egitea eskatzen baitute.”
Horren harira, “udala eragile publikoa dela eta ekimen ekintzaileari lagundu behar diola, hirian jarduera eta aukera berriak sortzea dakarrelako” gogorarazi du Goiak. “Donostiar guztientzako enplegua eta aukerak sortuko dituzten inbertsioak erakartzea da gure zeregina, eta lan-merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboentzat enplegua sortzea da plan honen helburua, bai eta berrikuntzaren eta zientziaren aldeko apustua egiten jarraitzea ere, hiriarentzat estrategikoak diren sektore gisa.”
Berdintasunerako Plan bat
Nagusiki, gazteentzat, 45 urtetik gorako pertsonentzat eta emakumeentzat sortuko dira lan aukerak, eta azken talde horretan inplikazio handiagoa izango du Planak. Enplegagarritasuna hobetzeko zenbait programa daude emakume zaurgarrienentzat, baita Donostiako ekialdean bizi diren emakumeentzat ere, lan merkatuan sar daitezen.
Inbertsioaren erdia hiri kohesionatu bat sortzeko programa espezifikoetarako da; hala, askotariko taldeek aukera izango dute laguntza eta aukeretara heltzeko, betiere hiriko beste eragile batzuekin lankidetzan: enpresekin, prestakuntza zentroekin, eta enpresa ekosistema eta ekosistema berritzailea osatzen duten elkarte eta erakundeekin.
Bestalde, kualifikazio handiagoa duten emakumeek aukera izango dute talentua itzultzeko mugikortasun bekak jasotzeko, bai eta goi mailako prestakuntza akademikoa izanik langabezian dauden 35 urtetik beherako emakumeak kontratatzeko bekak lortzeko ere.