Ezker Anitzak "onartezintzat" jo du Basque Culinary Center-en egoitza berriaren proiektua
Ostiral goizean jakin denez, Danimarkako BIG arkitektura estudioaren Olatuen bidea proposamenak irabazi du Basque Culinary Center fundazioaren nazioarteko lehiaketa, erakundearen egoitza berria Groseko Okendo Alde eremuan eraikitzeko. Proiektuak zalaparta sortu du hirian, eta Ezker Anitza-IUk ohar bidez jakinarazi du “onartezina” iruditzen zaiola “erakunde pribatu bati espazio publiko bat ematea, eta, gainera, Grosen moduko auzo batean, oso dentsifikatuta dagoena eta berdeguneak behar dituena”. Elkarrekin Donostiako Haizea Garai zinegotziaren hitzak jaso dituzte oharrean.
Garairen ustez, “zentzugabekeria handia” da Basque Culinary Center-en Groseko egoitza berriaren eraikina nolakoa izango den iragartzen aritzea, “udalak oraindik lursailaren jabari publikoko emakida egin ez duenean”. “Proiektu hori guztia Gros auzoko bizilagunei entzun gabe gauzatzen ari da, hainbat auzo elkarte ustezko lagapenaren aurka agertu baitira”, gaineratu du zinegotziak. Era berean, gogorarazi du Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko prozesu bete-betean iritsi dela albistea: “Honekin topo egiten dugu HAPO berrikusteko prozesu parte hartzaile baten bezperan, eta, beraz, iragarri egiten da lurzati hori Groseko berdegune bakanetako bat izango dela, bertako biztanleen eskaerak eta beharrak oraindik ezagutu gabe. Jarduteko modu horrek asko esaten du gobernu honek partaidetza prozesutzat hartzen duenaz”.
Zinegotziaren esanetan, “Eneko Goiaren gobernuak bizkarra ematen die Donostiako herritarrei, Groseko bizilagunen beharrei, eta, kasu honetan, unibertsitate pribatu eta elitista baten oinetan jartzen da”. Harago joan da Garai: “Goia luxuzko gurdian sartu da berriz. Hiria erakusleiho bihurtu nahi du, eta, horretarako, berdin zaio donostiarrak bidean geratzea. Proiektu berri honek standing altuko turistifikazio prozesuaren arrastoa jarraitzen du. Horren ondorioz, langileen gehiengoak gero eta zailago ikusten du bere auzoetan bizi ahal izatea, eta hiritik kanporatua izaten ari da, etxebizitzaren gehiegizko prezioak direla eta, besteak beste”.