Juliette Binoche izango da Zinemaldiko karteleko protagonista eta, gainera, Donostia sarietako bat jasoko du
Juliette Binoche aktore frantziarra izango da 70. Donostia Zinemaldiaren kartel ofizialaren protagonista eta Donostia sarietako bat jasoko du. Ibilbide luzea egin du, Oscar bat irabazteaz gain, 75 pertsonaia inguru antzeztu ditu.
Saria emateko ekitaldia Kursaalean izango da. Bertan, Avec amour et acharnement (2022) Donostia saria emanaldia egingo da; film horrekin irabazi zuen Claire Denisek azkeneko Berlingo zinema-jaialdian zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza, eta Vincent Lindon, Gregoire Colin eta Binoche bera dira aktoreak.
Kartelak
Donostiako Dimension enpresa arduratu da aurtengo kartelak egiteaz, eta Brigitte Lacombe argazkilariak Juliette Binocheri egindako erretratu bat erabili du 70. edizioko poster ofiziala egiteko –aktorearen izena nabarmentzen da–.
Zinemirak, euskal zinemari buruzko sailak, kartel propioa izango du lehen aldiz, “begiradari eta bizitzari eta zinemari begiratzeko modu guztiei gorazarre” egingo dieten irudien bilduma batean barruan. Dimensiónen arduradun Guille Viglionek dioenez: “Zinema begiratzeko modu bat da; zuzendariak bere begiradaz iragazitako errealitate bat sortzen du; ikusleak bere munduaren ikuspegia handitzen du; eta interpreteek kamerari begiratzen diote beren pertsonaiaren muina transmititzeko”.
“Garai barreiatu honetan, zenbat eta gauza gehiago ikusi nahi izan, orduan eta denbora gutxiago geratzen zaigu behatzeko. Beraz, esan dezakegu begirada zerbaitetan pausatzea hori aintzat hartzea dela. Behatzeko, xehetasunak harrapatzeko, begiekin xehatzeko, begirada behar dugu, baina baita sentimendua ere”, esan dute Dimensionekoek.