"Ligatzeko aplikazioak iraultza bat dira"
31. Poltsiko Antzerkia egiten ari dira Donostian joan den maiatzaren 5etik. Andoni Mutiloa antzezle eta kazetariak (Hernani, 1976) 'Sex Sua' izeneko ikuskizuna eskainiko du bertan, eta ligatzeko aplikazioek pertsonengan duten eragina aztertuko du antzerkia eta musika uztartuz. Mutiloaren arabera, azken urteetan aplikazio horiek izan duten gorakadarekin batera, ligatzeko kode berriak sortu dira, eta kode horien inguruko hausnarketa plazaratuko du umorea eta seriotasuna tartekatuz.
Ligatzeko aplikazioen inguruan hitz egiten du ‘Sex Sua’-k. Zertan jartzen du arreta zehazki?
Lehenengo ideia duela hiru urte inguru bururatu zitzaidan, eta orduan sexualitateari buruz hitz egiten zuen ikuskizun bat garatu nahi nuen, baina oso modu zabalean. Duela hilabete batzuk proiektua zehazten joan nintzen, eta ligatzeko aplikazioen gaiari heldu nion. Ligatzeko aplikazioak urte gutxian izugarri hedatu dira, eta gutako askok erabili egiten ditugu. Bat-batean, eta gehiegi hausnartu gabe, onartu egin ditugu bertan sortzen diren komunikatzeko kode berri batzuk. Askotan ez gara konturatzen horiek nola eragiten diguten guri, eta batzuetan pentsatzen jarriz gero, ez dugu jakiten gauza horiek benetan oso osasuntsuak diren, ea ni neu ere modu egokian portatzen ari naizen ala ez (bai nire buruarekin eta baita besteekin ere), edo nola eragiten digun horrek guztiak. Niri sekulako gaia iruditzen zait eta horri heldu nahi izan diot.
Zein dira kode berri horiek?
Interneten, bat-batean, oso ohikoa da ia ezagutzen ez dugun pertsona batekin biluzik agertzen garen argazkiak trukatzea; edo egun batean norbaitekin elkarrizketa bat hasten duzu, eta azalpenik gabe desagertu egiten zara, edo bestea desagertzen da; edo sei pertsonekin aldi berean ligatzen aritzea eta asteburu batean lau pertsona desberdinekin geratzea… Mila adibide daude.
Zuk zer iritzi duzu aplikazio horien inguruan?
Niri, pertsonalki, eta gainera lasai asko esan dezaket, iruditzen zait sekulako tresnak direla. Hau iraultza bat da, izan ere, orain arte, oso baldintza zehatzetan geneukan ligatzeko ohitura: batez ere, gauez, tabernetan, lagun giroan, alkohola tartean… Giro horretan gure buruari baimena ematen genion ligatzeko, baina hortik kanpo oso mugatuta zegoen. Eta orain, nahi badut, hementxe bertan hasi naiteke ligatzen aplikazioaren bidez. Tresna iraultza bat da, baina nola erabiltzen dugun, hor dago gakoa.
‘Sex Sua’-n iritzi hori plazaratzen duzu Hiruki eta Imanol pertsonaien bidez.
Bai. Hiruki pertsonaia nagusia da, ez du genero zehatzik eta beste estatus bat dauka: aditua da. Asko daki gaiari buruz, esperientzia handia du, eta hortik kontatzen du kontatzen duena. Eta Imanol, aldiz, gutako edozein izan daiteke. Hiruki ez da herritar arrunt bat, baina Imanol bai, eta bera da Hirukik kontatzen duen teoria praktikara eramaten duenean, nola bizi duen kontatzen duena. Bi alde desberdin daude.
Sorkuntza honetan norbaiten aholkua jaso duzu, edo dena zeure kabuz egin duzu?
Bai, ezinbesteko laguntza izan dut. Ideia nirea da, eta entsegu asko nik bakarri egin ditut, baina aholkularitza eta kanpo begirada oso garrantzitsuak izan dira. Amancay Gaztañaga aritu da ni laguntzen, eta nire aurreko obran, Esnatu naiz-en, ere berdin egin genuen. Nire antzerki irakaslea da, izan ere, Zestoako antzerki eskolara joaten naiz klaseak hartzera eta urte batzuk daramatzat bertan.
Hasieran bakarrizketa bat izan behar zuenak, musikala izaten amaitu du.
Abiapuntua bakarrizketa bat zen, baina nik argi neukan ez nuela bakarrizketa arrunt bat egin nahi. Hasieran, antzerkitik gertuago zegoen bakarrizketa bat egin nahi nuen, baina azkenean, beti musika eta dantza sartzen ditut eta konturatu nintzenerako, musikal bat bihurtu zen. Abesti berriak egin ditugu espresuki ikuskizun honetarako, eta hori ere oso garrantzitsua izan da.
Nola tartekatzen duzu musika antzerkiarekin?
Galdera ona da, ez baita erraza hori modu egokian egitea. Ez nuen nahi abestiek pisu handiegia izatea, eta oreka hori bilatzen ibili naiz. Abesti batzuk lau minutu inguru dituzte berez, baina moztu egin ditugu iruditzen zitzaidalako ikusteko askoz errazagoa zela horrela.
Norentzat egin duzu ikuskizuna?
Berez, helduentzako da. Askok pentsatzen dute horrelako gauzak gazteentzat bakarrik direla, baina ligatzeko aplikazioak ez dituzte gazteek bakarrik erabiltzen. Hala ere, iruditzen zait nerabeentzat ere oso egokia izan daitekeela ikuskizuna, gogoeta bat egin dezaten.