Superheroiak, Txanpontxo jaietako aurtengo protagonistak
Atzo hasi ziren Bidebietako Txanpontxo jaiak, eta astelehenera arte egitarau zabala prestatu du auzoko jai batzordeak. Kontzertuak, bazkariak, afariak, herri kirolak eta mozorro festa bezalakorik ez da falta.

Bi urteko etenaldiaren ostean, iritsi dira berriro ere Txanpontxo jaiak Bidebietara. Atzo arratsaldean hasi ziren Txanpontxoren jaitsierarekin, eta astelehenera arte jai girorik ez da faltako auzoan. Bihar superheroiek beteko dituzte kaleak mozorro festaren harira, baina hori guztia antolatzeko azken hilabeteetan beste superheroi batzuk aritu dira lanean: Txanpontxo jai batzordeko kideak. Jaien ibilbidea errapasatu dugu haiekin, Bidebietan duten lokalean.
Duela hogei urte baino gehiagotik, Txanpontxo esaten zaie, baina hasiera batean Txurruteroak izena zuten auzoko festek. “Gero, urte batzuetan ez ziren egin, eta jarraian San Juan egunean antolatzen hasi ziren, egun bakar batean. Segidan, bi edo hiru egun luzatu zituzten, eta, azkenean, oraingo datara aldatu ziren, ferietako salerosleek sanjoanetako egun horiek okupatuta zituztelako. Gaur egun Donostiako auzoetako lehenengo jaiak gureak dira”, azaldu du Izaskun Cruzek, batzordeko kideetako batek. Bidebietan geratzen den baserri bakarrean dute oinarria Txanpontxo jaiek: Moneda baserriagatik dute izen hori. “Gaur egun ez du baserri gisa funtzionatzen, Kutxarena da eta ikastaroak egiten dituzte bertan”, zehaztu du bere kide Marisa Pedrejosak.
Hain zuzen ere, jaietako pertsonaia nagusiak, Txanpontxok, ematen die hasiera festei. Mendiolatik jaisten da auzora buruhandi eta erraldoiekin batera, eta txokolatezko txanponak banatzen dizkie haurrei. “Haurtxokoak aukeratzen du Txanpontxo nor izango den. Mozorroa beti berbera da, eta antzezlea Haurtxokoarekin lotura duen norbait izaten da”, esan du batzordeko Ruben Fernandezek.
Gainera, kamisetak egiten dituzte urtero Txanpontxoren irudiarekin, eta tabernetan jartzen dituzte salgai festen aurretik. Aurtengo kamisetak granateak dira, eta Txanpontxo superheroi gisa ageri da, Bidebietako eraikinen artean hegan. “Pandemiarekin pasa dugun guztia eta gero, Supertxanpontxo jarri dugu kamisetetan, aurtengo gaia superheroiak delako. Berriro ere festarako gogoz gaude, eta gaizki pasa badugu ere, festek auzoa alaituko dute”, azpimarratu du Cruzek.
Antolakuntzarako dirua biltzeko modu bat da kamisetak saltzea, baina beste bide batzuk ere badituzte jaiak finantzatzeko. “Batez ere, programan publizitatea jarri nahi duten galdetzen dugu saltokietan, eta programak etxez etxe banatzen ditugunez, auzokideek dirua eman ohi digute borondatez”, adierazi du Nekane Blanca kideak. Izan ere, antolatzaileak etxez etxe eta atez ate joaten dira Bidebietako auzotar guztiei programa banatzera. Itsulapiko bat eramaten dute, eta bizilagunek dirua uzten dute bertan. “Ohituta daude horretara, eta joaten ez bagara, galdetu egiten digute ea zergatik ez garen joan”, nabarmendu du Pedrejosak.
Programari dagokionez, aurten proiektu berri bat jarri dute martxan. Urtero egiten dute marrazki lehiaketa bat auzoko haurrek programako azaleko eta kontrazaleko irudiak diseinatu ditzaten. Orain arte, Bidebietako eskolekin (Herri Ametsa, San Luis, La Asuncion eta Mendiola) lankidetzan egiten zuten, eta haurrek eskoletan egiten zituzten marrazkiak. Aurten, ordea, helbide elektronikoz bidali dizkiete, eta jai batzordeak Facebookera igo ditu. Atsegin dut gehien lortu dituztenak izan dira aukeratuak. “Uste genuena baino jende gehiagok hartu du parte. 150 marrazki baino gehiago jaso ditugu”, azaldu du Fernandezek.
Loren Iturrizari omenaldia
Bidebietako Haurtxokoa sortu zuen Loren Iturrizari omenaldia egin zioten atzo, jaien egitarauaren barruan. Lehengo urtean hil zen, istripu batean, Goizuetan ibaira erori ostean. “Haurrekin lanean hasi zen lehenengo pertsonetako bat izan zen auzoan, oraindik Haurtxokoak ez zeudenean. Haurrekin lan pila bat egin zuen. Bere lana izateaz gain, nik uste dut bokazioz egiten zuela. Hemengo haurrak asko gogoratzen dira berataz, eta aurtengo programan bere argazki bat jarri dugu Lorenen historia kontatzen duen idatzi batekin”, adierazi du Cruzek.
Gainerakoan, festetako egitarauan aurreko urteetan egin diren gauza berberak aurki daitezke: kontzertuak, Dj-ak, afariak, bazkariak eta herri kirolak, besteak beste. Eta guztia antolatzen, elkarrizketan hitz egin dutenez gain, Iban Lopez ere aritu da. “Jende gutxi elkartu gara, bilera gutxi egin ditugu, baina lortu dugu programa aurrera ateratzea”, azpimarratu dute jai batzordeko kideek.