Zeruko bidexkako beste ikur bati agur
100 urtez baino gehiagoz Intxaurrondo kalean egon ostean, Villa Elvira eraikina eta bere kapera eraitsi egin dituzte. Kaperak urte asko zeramatzan desakralizatuta, baina garai batean mugimendu handia izan zuen, eta auzoan nostalgiaz gogoratzen dituzte han bizitakoak.
Zeruko bidexka izenarekin zen ezaguna garai batean Intxaurrondo kalea –Caminito del cielo–, komentu eta eraikin erlijioso ugari zituelako: Aingeru Zaindarien eliza, Notre Dame ikastetxea, Villa Cristetako mojak, Villa Elvirakoak eta salesiarrak. Urteekin, horietako asko desagertzen joan dira, eta, berriki, beste bat bota dute: Intxaurrondo kaleko 38. zenbakiko Villa Elvira eta bere kapera.
Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak martxoan ohartarazi zuen bi eraikinak “arriskuan” zeudela, ondoko Aita Etxe zahar etxeak eremua erosi baitzuen, bere egoitza zabaltzeko. Ancorak hainbatetan eskatu izan du Villa Elvira eta bere kapera Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian (EHOBPB) sartzeko, baina ez zegoenez bertan katalogatuta, azkenean, eraitsi egin dute. Aurretik, Ancorak hala eskatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak lanak geldiarazi zituen, kaperako beirateak Gordailura eramateko; bederatzi ojiba-lehiate eta hiru arrosa-lehiate zirkular ziren.
Ancoraren arabera, Villa Elvira 1893an eraiki zuen Juan Crisostomo Torbado arkitektoak, eta Itxaropenaren ahizpen ordena erlijiosoko mojak 1906tik zeuden han. Bordeleko Familia Sakratuaren kongregazioaren parte da ordena erlijoso hori, eta mojek hala aginduta, 1929an gehitu zioten kapera. Domingo Agirrebengoa arkitektoak diseinatu zuen.
Aita Etxe zahar etxearen beste eraikin bat eta lur azpian bi solairu izango dituen aparkaleku bat eraikiko dituzte orain hondakinez beteta dagoen 2.300 metro koadroko lursailean. Ancorak gogor salatu du operazioa: “Donostia historikoaren suntsiketak jarraitzen du, erritmo neurrigabean”.
Auzoan integratuta
Villa Elvirako kaperak urte asko zeramatzan desakralizatuta, eta gero eta moja gutxiago gelditzen ziren han, baina, garai batean, mojak “auzoan integratuta” zeudela gogoratu du Josean San Roman bizilagun eta IZBE auzo elkarteko kideak: “Ni haurra nintzenean, auzoko beste eliza bateko eliz mutila nintzen, baina, batzuetan, Villa Elvirako kaperara bidaltzen gintuzten, eta harremana genuen hango mojekin”.
Mojetako bat auzoan bereziki ezaguna izan zela nabarmendu du: “Gutxienez 1950eko hamarkadatik, kontsultategi txiki bat zuten Villa Elvirakoek, eta mojetako bat auzoan oso ezaguna zen horregatik. Izan ere, bera zen injekzioak jartzeaz eta horrelakoez arduratzen zena. Herreran beste delegazio bat zuen, eta haraino oinez joaten zen egin beharrekoak egitera, eta, bueltan, geldialdiak egiten joaten zen, haren laguntza behar zuen edonor artatzeko”. Pixkanaka, auzoa handitzen hasi zen, eta mojak joan-etorri luzeagoak egin behar zituenez, auzokoek lagundu egin zioten: “Diru bilketa bat egin genuen, eta furgoneta txiki bat erosi genion. Moja hori erretiratu zenean, lekukoa hartu zionari ere Mobylette bat erosi genion”.
Gainera, San Romanek gogoratu du Villa Elvirako kaperako mezak eguneko lehenengoak zirela: “Goizean goiz egiten zuten meza, 06:30ean edo 07:00etan. Horregatik, langileak hara joaten ziren, lanera joan aurretik. Gu ere, gaztetan, mendira joateko edo horrelako zerbait egiteko asmoa genuenean, meza horretara joaten ginen, ondoren goiz atera ahal izateko. Izan ere, derrigorrezkoa zen mezara joatea”.
Azken urteak
Gauzak asko aldatu badira ere, auzokoek Villa Elvirako mojekin harremana izaten jarraitu dutela azaldu du San Romanek: “Urteekin, mugimendua apaltzen joan zen, baina mojek Villa Elviran 100 urte bete zituztenean, mende honen hasieran, auzo elkartetik ospakizun bat antolatu genuen beraiekin”. Era berean, gogoratu du han gelditzen ziren azken mojak aiton-amonen etxeko bazkide egin zirela: “Hasieran, eskaintzen genituen zerbitzuak baino ez zituzten nahi –pedikura, ile apaindegia, eta abar–, baina, gerora, beste jarduera batzuetan ere sartu ziren”.
Era berean, kapera desakralizatuta egonda ere, hainbat erabilera izan ditu azken urteotan: “Hotza egiten zuenean etxerik gabeko pertsonek lo egin zezaten erabili zuten. Ondoren, erabilera hori emateari utzi zitzaion, eta konponketa txikiak egiten zizkien lagun batek esan zidan mojek zerbait egin nahi zutela kaperarekin. Horrela, okurritu zitzaidan Zaporeakekoei esatea, eta bost bat urtez Zaporeakek arropa biltzeko gune gisa erabili dute”.
Horregatik guztiagatik, eraisketaren harira, San Romanek azaldu du “bereziki auzoko zaharrenek” han bizitakoak “nostalgiaz” gogoratzen ari direla egunotan. “Hala ere, behintzat ondoko zahar etxea handitzeko erabiliko dute eremu hori, eta ez beste hotel bat egiteko”, gaineratu du.