Arte Ederrak eraikina hotel bihurtzea deitoratu du Icomos erakundeak
Urte askoren ondoren, joan den astean argitu zen Donostiako Arte Ederrak eraikin enblematikoaren etorkizuna: SADE enpresak (eraikinaren jabea) eta Hilton kateak akordioa itxi dute, eraikina Curio bildumako luxuzko hotel bihurtzeko. Albisteak zalaparta sortu du hirian, eta Ancora elkarteak eta Bizilagunekin plataformak, besteak beste, erabakia salatu dute. Hain zuzen ere, nazioarteko erakunde batek ere Arte Ederrak eraikinean luxuzko hotel bat egiteari buruzko iritzia plazaratu du, operazioa deitoratuz: Icomos erakundeak –Unescoren kontsulta erakundea da–.
Icomos erakundeak ohar bidez jakinarazi duenez, “tristuraz” jaso dute Arte Ederrak eraikinari buruzko albiste hori, Espainiako Estatuko zinematografo zaharrena delako eta Europan Lehen Mundu Gerraren aurretik tipologia arkitektoniko horrekin zutik gelditzen diren eraikin gutxietako bat delako. Era berean, gogorarazi dute Icomostik 2014tik “hainbatetan” eskatu dutela eraikina bere osotasunean mantentzea “garrantzitsua” zela: “Garrantzi berezia du Icomosek 2019ko apirilean aurkeztutako nazioarteko alertak; izan ere, Arte Ederrak jauregia bere ondare balioekin bat datorren birgaitzea merezi duten ezaugarriak justifikatzeaz gain, Eusko Jaurlaritza eta adituak bat datoz eraikinerako monumentu gisa babesteko bermeak ezartzeko beharrarekin, 2015ean monumentu kategoria duen kultur ondasun izendapenetik ondorioztatzen den moduan. Eta, hori, nahiz eta kategoria hori kendu egingo zaion, gure ustez modu ulergaitzean”.
Ildo beretik, Icomosek deitoratu egin du “Donostiako Udalak eta gainerako erakundeek ez ikusiarena egin izana gizarte zibilaren eskaerei, haien helburu bakarra Arte Ederrak jauregiak dituen ondare balio ukaezinak babestea izan baita”. Era berean, Arte Ederrak eraikinean beste hotel bat egiteak hiriari kalte egingo diola deritzo Icomosek: “Pentsatzekoa da eraikina hotel bihurtzeak bere ezaugarri berezi horiek galtzea ekarriko duela, eta, gainera, gaur egun hiriak jasaten duen presio turistiko handia areagotuko duela. Horrek guztiak eragin nabarmena izango du bertako biztanleen bizitzan, eta gure erakundean gure atsekabea adierazten dugu horregatik”. Horrez gain, erakundeak nabarmendu du “higiezinen espekulazioa mugatu” egin beharko litzatekeela, “erakunde publikoek herritarren herentzia komuna zaindu eta babestu behar dutelako, batez ere Donostiako iruditeria kolektiboarentzat hain leku esanguratsua bada”.
Bestalde, Icomosen adierazpenaren harira, Ancorak honakoa adierazi du: “Uste dugu luxuzko hotel bat ezartzeko eraikinaren babes maila jaistea ustelkeriaren adibide odoltsua dela, Madrilgo Canalejas operazioaren parekoa. Sustatzaileen adierazpen lizunak ere kritikatu ditugu, duela gutxi bere proiektua historiaren eta ondarearen aldeko apustua dela esan baitu”.