EH Bilduk adierazi du Polloeko ikerketa bere ekimen instituzional batetik abiatu den azterlana dela
Donostiako Udalak gaur goizean jakinarazi du Polloe hilerriko mausoleo batean hamazazpi miliziano eta gudari hilobiratuta daudela argitzen duen dokumentazio historikoa aurkitu dutela. EH Bilduk ohar bat plazaratu du iragarpen horren harira. Adierazi dutenez, udal taldeak Giza Eskubideen Batzordean aurkeztutako ekimen instituzional batetik abiatu zen azterlanaren emaitza da Polloeko ikerketa.
“Joan den azaroan ekimena aurkeztu genuenetik, gaiaren jarraipena egin dugu bileraz bilera, eta, horri esker, ekimena ondo bideratu ahal izan da”, nabarmendu du EH Bilduk. Hau da, hitzez hitz, 2021eko azaroan EH Bilduk erregistratu zuen ekimena, Aranzadi Elkartearen ikerketa ahalbidetu duena: “2021eko azaroaren 12an, Polloeko hilerrian dagoen gurutze frankistari buruzko artikulu bat argitaratu zuen Irutxuloko Hitza hedabideak. Itsaso Bikuñak sinatutako idatzian, besteak beste, aipatu monumentuak Iturrino anaia falangistak eta 1936ko kolpistak ohoratzen dituela gogorarazten zuen, baita “Memoria Historikoaren Legea aplikatuz gero, gurutze horrek dagoeneko kenduta” egon beharko lukeela ere.
Halaber, ondorengoa irakur zitekeen artikuluan: “Iñaki Egaña historialariak beti pentsatu izan du gurutze horren azpian 1936ko fusilatu errepublikarren gorpuzkiak aurki daitezkeela, eskarnioa handiagoa izan dadin, espresuki. Ikerketa baten arabera, 2008tik 2011ra bitartean, Donostiako Udalak hilerria eraberritu zuen, eta hobi komun nagusia suntsitu zuen, hiriaren defentsan borrokan hildako milizianoen gorpuzkiekin (1936ko uztaila-iraila). Gorpuzkiak Hezurtegi Nagusira bota zituzten, inolako komunikazio ofizialik gabe eta hiriko memoria historikoaren elkarteei jakinarazi gabe. Zentzu honetan, fusilatuen gorpuzkirik dagoen ikertu behar da, eta eginkizun hauetarako Aranzadi elkartea da instituzio egokia. Bestalde, hondatutako hobiari edo hobiei buruzko ikerketa abiatu behar da”.
Horiek horrela, honakoa eskatu zuten: “Donostiako Udalak hiriko hainbat historialarik burututako ikerketei jarraipena eman diezaiela aipatu eremuan fusilatuen gorpuzkiak ote dauden argitzearren, eta aldi berean, abiatu ditzala monumentu frankista eraisteko beharrezko izapideak”.