Miren Jone Azurza kazetari donostiarra hil da

Miren Jone Azurza kazetaria (Donostia, 1929) hil da, 92 urterekin. Ibilbide luzea egin zuen kazetaritzan, izan ere, bere lehen idatziak Vida Nueva izeneko aldizkari katolikoan argitaratu zituen, oraindik kazetaritza ikasketak burutu gabe zegoelarik. 1950eko hamarkadaren amaiera aldera, aldizkari horretan kolaboratzeko proposamena egin zioten, eta horren ostean hasi zen kazetaritza ikasten, Madrilgo Kazetaritza Eskola Ofizialean. Ondoren, Bilboko La Gaceta del Norte egunkarian hasi zen lanean.
1965ean Donostiara itzuli zen, eta bi urte beranduago Zeruko Argia hedabidean hasi zen lanean. Urtebetez kazeta erlijioso horretan lanean aritu ostean zuzendari izendatu zuten, eta nahiz eta garai hartan iritzi artikuluak argitaratu, Azurzak hedabidea modernizatu behar zela erabaki zuen. Ondorioz, euskaldun guztiek irakurtzeko moduko aldizkari bat egin zuten, eta kazetaritzaren hizkera garatzeko zuzentzaileen beharra ere aldarrikatu zuen. 1975era arte zuzendu zuen Zeruko Argia.
1975. eta1980. urteen bitartean, Historia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. Bitartean, Deia egunkarian ere aritu zen lanean. Kultur gaiak eta udal gaiak jorratzeaz gain, iritzi zutabe bat ere idazten zuen egunero Juan Olalde izenez sinaturik. Egunkari horretan erretiratu zen. Garaia eta Muga kazetetan ere egin izan ditu kolaborazioak, eta 1990etik 1996ra, Jose Maria Setien gotzainaren prentsa bulegoan aritu zen lanean, boluntarioki.
2011. urtean Ohorezko Rikardo Arregi saria jaso zuen, eta 2018. urtean, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen. Asteazken honetan 93 urte bete behar zituen.