Polloeko mausoleo batean hamazazpi miliziano eta gudari hilobiratuta daudela argitzen duen dokumentazioa aurkitu dute
Polloeko mausoleo batean hamazazpi miliziano eta gudari hilobiratuta daudela argitzen duen dokumentazio historikoa aurkitu dutela jakinarazi du Donostiako Udalak. Hilerrian bada Martirren Mausoleoa deritzon hilobi bat, eta 36ko gerran hildakoen gorpuak daude bertan. Aranzadi Zientzia Elkarteak burutu du ikerketa. “Mausoleoak kanpoan dituen plaka eta esaldiek adierazten ziguten elementu memorial frankista bat zela, eta Aranzadiren ikerketan ondorioztatu da bertan lurperatuta dauden pertsonak ez direla bando nazionalekoak bakarrik, altxamenduaren kontra egin zuten pertsonak ere bazirela”, azaldu du Eneko Goia alkateak. Plaka horretan A la memoria de los asesinados por defender sus ideales, de Dios y España. Una oración por sus almas –Espainiaren, Jainkoaren eta beren idealak defendatzeagatik hildakoen oroimenez. Otoitz bat haien arimengatik– irakur daiteke. Polloeko mausoleoan lurperatutako milizianoen eta gudarien zerrenda argitaratu du Aranzadik dokumentu batean.
1936ko uztailean altxamenduari aurre egiten aritu ziren Donostian hamazazpi pertsona horiek, eta hainbat urtetan zehar eraman zituzten Polloera haien gorpuak. Hilobiratuen artean, PCE, CNT eta UGTko milizianoak, zein Milizia Popularrekoak daude. Era berean, ikertzen jarraitzen dute beste hamalau pertsona ere bertan hilobiratuta ote dauden jakiteko. Gainera, udalak mausoleoan dagoen plaka kenduko du Memoria Historikoaren Legea urratzen duelako.
Donostiako Udal Artxiboan eta hilerrian bertan aurkitutako dokumentazioa Gogora institutuaren esku jarriko da, aztertu, lokalizatu eta, hala erabakiko balitz, gorpuzkiak hilobitik ateratzeko. Hori dela eta, udalak biktimen senideak izan daitezkeen familiei dei egin die udalarekin harremanetan jartzeko, euren datuak eskuratu ahal izateko. Giza_Eskubideak@donostia.eus helbidera idatzita edo 943 48 19 75 zenbakira deituta egin daiteke hori.