Txaparrene pasealekua eta parkea oinezkoentzat seguruagoa izateko neurriak eskatu dituzte
IZBE auzo elkarteak, Aitona Amonen Etxeak, Artzak Ortzeok elkarteak eta Zulo Zahar elkarteak dira oharra sinatu duten auzoko eragileak, eta iragarri dute martxa bat egingo dutela larunbatean.
Intxaurrondoko hainbat eragilek ohar baten bidez salatu dute Txaparrene parkea eta pasealekua ez dela oinezkoentzako leku segurua. Azaldu dute espazio hau ibilgailuekin partekatzen dutela, eta gehiegizko abiaduragatik liskarrak eta istripuak izan direla: “Oinezkoek tokia partekatu behar dute askotan oso abiadura azkarrean ibiltzen diren beste motako erabiltzaileekin: txirrindulariekin, patineteekin eta autoekin. Erabiltzaile hauen abiadura azkarraren ondorioz hamaika liskar eta istripu txiki gertatu dira, baita hainbat istripu larri ere”.
IZBE auzo elkarteak, Aitona Amonen Etxeak, Artzak Ortzeok elkarteak eta Zulo Zahar elkarteak dira oharra sinatu duten auzoko eragileak, eta iragarri dute martxa bat egingo dutela larunbatean, hilaren 21ean. Zabal Toki zubian elkartuko dira 12:00etan. Ordubete lehenago salestarren komentuaren azpiko paretaren aurrean elkartuko dira horma irudi bat egiteko, eta azken ukituak emateko. Jarduera honetara gonbidatu dituzte auzoko haurrak.