Maiatzaren 31ra arte eman daiteke izena Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolan
Ausartu! lelopean, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak izen-ematea zabaldu du, maiatzaren 31ra arte. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak hezkuntza eskaintza zabala du, adin guztietako pertsonentzako aukerekin. Egun, Eskolan 2481 ikasle daude matrikulatuta, 29 instrumentu, hiru dantza espezialitate, eta guztira 80 irakasgaitan antolatzen diren 294 talde eta banaka zein taldekako instrumentu eskoletan.
Egoera ekonomikoa musika edo dantza ikasteko eragozpena izan ez dadin, Eskolak Prezio Publikoetan Gizarte Intereseko Prezioak ditu. Maila desberdinetan, honako talde hauek gizarte intereseko prezioetarako eskubidea dute: DSBE (RGI) edo Gizarte Larrialdiko laguntza jasotzen dutenak, familia ugariak, zehaztutakoa baino diru sarrera txikiagoa duten familia unitateak, guraso bakarreko familiak eta familia bereko hainbat pertsona matrikulatuta dituzten familia unitateak.
Besteak beste, ondorengoa da Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren eskaintza 2022-23 ikasturterako: 0-2 urteko haur eta haien gurasoentzat musika hastapen goiztiarra; 3-5 urteko haurrentzat musika eta mugimendua; 6-7 urteko ikasleentzat musika tailerra; 8 urtetik aurrera, adin mugarik gabe, 29 musika tresna ezberdin; musika taldeak: orkestrak, bandak, big band-ak, rock, pop eta jazz taldeak, ensembleak, gitarra, txistu, akordeoi eta trikitixa taldeak; irakasgai osagarriak: musika kultura helduentzat, harmonia, moldaketak, inprobisazioaren hastapenak, musika hizkuntza, zuzendaritza praktikak; hezkuntza arauturako prestakuntza: ikasketa profesionaletarako eta goi mailako ikasketetarako prestakuntza taldeak; 65 urtetik gorakoentzat musika tailerreko talde bereziak eta 6 urtetik aurrera, adin mugarik gabe, euskal dantza, dantza garaikidea eta dantza klasikoa.
Instrumentu PLUS
2022-23 ikasturterako, Atotxako egoitzan hezkuntza eskaintza berria egingo da: Biolina PLUS. Aurreko ikasturteetan ere eskaini diren tronpeta, tronboi eta perkusioa PLUS irakasgaiei, aurten biolina gehituko zaie 8-10 urteko ikasleentzat.
Instrumentu PLUS irakasgaietan, ikasleek instrumentua eta musika hizkuntza lantzen dute instrumentu irakaslearekin, taldekako saio integratuetan. Modu honetan, ikasleek astero denbora gehiago ematen dute Eskolan instrumentua jotzen eta ikaskideekin batera egoteak, sozializatzeko, elkarrengandik ikasteko eta motibazioa mantentzeko aukerak handitzen ditu.