Udal gobernuak terrazen araudia aldatzeko proposamenak egingo ditu udarako
Ostalaritza establezimenduen terrazen gaiak zeresana ematen jarraitzen du Donostian. Izan ere, udalak hilaren hasieran iragarri zuen ekainaren erdialderako pandemiaren harira hirian jarritako behin-behineko terraza guztiak kendu egin beharko zituztela ostalariek, salbuespenezko neurri hori ahalbidetu zuen alarma egoera dagoeneko ez baitago indarrean. Hala ere, terrazak arautzen dituen ordenantzan aldaketak egitea aztertzeko “borondatea” adierazi zien udalak ostalariei.
Hain justu, Eneko Goia alkateak azaldu du udal gobernuak udarako terrazen araudia aldatzeko proposamenak egingo dituela: “Pentsatzen dugu gauza batzuk aldatu egin daitezkeela. Guk, gobernu gisa, lehen pauso bat eman behar dugu, proposamen bat eginez. Hortik aurrera, sei hilabeteko prozesu bat hasiko litzateke, udal talde guztiek euren ekarpenak egiteko, eta abar”.
Era berean, araudian egin daitezkeen aldaketa batzuk aipatu ditu alkateak, besteak beste, udalaren esku egotea salbuespenezko neurriak hartzeko aukera: “Egoera honetan izan dugun arazorik handienetako bat izan da hirugarren erakunde batek egiten zuenaren mendean gelditzen ginela salbuespena ezartzeko. Hau da, alarma egoeraren deklarazioaren mende. Beraz, argi ikusten dudan aldaketa posible bat da mekanismo bat sartzea araudian, salbuespenezko egoera noiz ematen den udalak berak erabaki dezan”.
Hala ere, beste aldaketa batzuk ere “mahai gainean” dituztela aitortu du: “Adibidez, tabernaren ikuspenetik kanpo gelditzen diren terrazei dagokienez. Agian hor aldaketaren bat egin daiteke. Gaur egun, araudiaren arabera, ezinezkoa da horrelakoak egotea, baina bizi izan dugun esperientziak erakutsi digu kasu batzuetan hori ez dela horren problematikoa. Baina, ondo zehaztu beharko litzateke, desiragarriak ez diren ondorioak ez izateko”. Era berean, aparkalekuetan jarri dituzten terrazei buruz ere hitz egin du: “Ez daukat proposamen zehatzik, eta ondo aztertu beharreko gaia da. Zeren, kasu batzuetan ondo egon daiteke, baina aukera hori inolako mugarik gabe irekitzen badugu, bukatu dezakegu horrelako terraza askorekin. Uste dut hori mugatu egin behar dela. Gainera, hiria ez da berdina leku guztietan, eta, agian, zonak bereizi ditzakegu terrazen araudian, zona bakoitzaren ezaugarrien arabera”.