Bertsolaritzak Amara hartuko du larunbatean
Etzi, hilak 21, Donostiako II. Bertsolari Eguna egingo dute Amaran, eta egitaraua zehaztu dute dagoeneko. Donostiako edo donostiartzat har daitezkeen hainbat bertsolarik hartuko dute parte, eta bertsolaritzak auzoa hartuko du, arratsaldetik gauera. Bertsolari Eguna Donosti Berri elkarteak antolatu du, bere mendeurrena ospatzeko jardueren barruan.
17:00etan hasiko dira, Alboka tabernan, bertsolari hauekin: Beñat Gaztelumendi, Jon Altuna, Iñaki Gartziandia eta Mattin Luku. Ondoren, 18:00etan, Manex Mujika, Asier Ibarguren, Libe Goenaga, Ekain Tolaretxipi eta Andoni Rekondo izango dira Kaxildan, eta Unai Elizasu izango da gai jartzailea. 19:00etan, La Bodeguillako bertso saioa hasiko dute, Nerea Elustondo, Izarne Zelaia, Antton Fernandez eta Beñat Torres bertsolariekin; Gorka Segurola arituko da gai jartzaile lanetan, eta bertso sorta Itxaso Piquerrena izango da. Azkenik, 20:00etan, Peru Aiarza, Aiert Ordoñez, Eñaut Martikorena eta Iker Ormazabal bertsolariak arituko dira Pirpira tabernan, eta Unai Elizasu izango da gai jartzailea.
Iluntzean, 21:30ean, afaria egingo dute Donosti Berrin, eta, 23:00ak aldera, azken bertso saioa egingo dute elkartean bertan, bertsolari guztiekin. Afarirako txartelak 20 euroan daude salgai, Alboka eta La Bodeguilla tabernetan.
Donostiako Bertsolari Eguna Parte Zaharrean egin zuten estreinakoz, 2019an. Orain, Amarako Donosti Berri elkarteak 100 urte bete ditu, eta askotariko jarduerak antolatzen ari dira urte osoan zehar, Donostiako Bertsolari Eguna berreskuratzea barne.