Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etxetek zerbitzuko langileek greba mugagabea hasiko dute bihar
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etxetek zerbitzuko langileek greba mugagabea hasiko dute bihar, enpresa hitzarmen bat aldarrikatzeko. 2016 urtetik Aita Menni enpresak kudeatzen du Etxetek. Zerbitzu honen bidez, desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonei laguntza produktuen orientazioa egiten zaie, eta horren ondoren , zerbitzu teknikoko langileek beharrezkoak diren produktu horien higienizazioa, entrega eta horien erabileraren formakuntza ematen diete eskatzaile eta familiarrei.
Langileek jakinarazi dutenez, 2013an hasi ziren Etxetekeko langileen lan baldintzak okertzen: Gipuzkoako hitzarmena alde batera utzi eta estatala aplikatzea eta soldata murrizketak pairatu zituzten, besteak beste.
2016 urtetik aurrera, Aita Menni enpresa zerbitzu hau kudeatzen hasi zenean, langileen ordezkariak enpresari jakinarazi zion kolektiboaren nahia enpresa hitzarmen bat negoziatzea zela. Haien iritziz, Estatu mailako hitzarmenak ez zuen beraien lanaren errealitatea jasotzen, eta estatuko hitzarmen bat aplikatzearen ondorioak bizitzen ari ziren. “Une horretan, Aita Mennik jakinarazi zuen zerbitzuaren esleipena eman berria zela, eta horren ondorioz ez zela enpresa-hitzarmenik egiteko unea. Inoiz iritsi ez diren hobekuntzak zin egin zituen, hala nola urteko lanorduen jaitsiera. 2016tik 2021era bitarteko KPIen eta soldata-igoeren konparazioa egiten badugu, ikusiko dugu langileek 8,2 puntuko erosahalmen-galera izan dutela. Hori zenbakietara eramaten badugu, esan dezakegu kolektibo honek 4.000 eta 7.000 euro artean jasotzeari utzi diola, lanbide-kategoriaren arabera”, salatu dute.
Gaur hamazazpigarren eguna dute greban, eta enpresarekin bi bilera bakarrik izan dituzte, LHKren ekimenez. Enpresak ez du “inolako proposamenik” egin, eta, beraz, grebalariek beste greba-deialdi bat egitea erabaki dute, mugagabea oraingoan.
Greba egun hauetan, ez da gutxieneko zerbitzurik egon zerbitzu honetarako, baina Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Aita Menniren jarrera salatu nahi izan dute. “Diputazioa ez da inoiz inolako negoziaziotan inplikatzen, beti alde batera geratzen da, baina zerbitzu minimoak eskatzeko garaian, orduan bai, parte aktiboa da. Aita Menni enpresari, gatazka honi amaiera emateko baliabideak jarri beharrean, langile horiek egiten duten zerbitzuaren esentzialtasuna eta garrantzia justifikatu besterik ez dute egiten zerbitzu minimoak eskatzeko”, nabarmendu dute.