Hezkuntza Sailak ikerketarako eraikin berri bat irekiko du Ibaetan
Donostiako Ibaetako campusak ikerketa zentro berri bat izango du. Eusko Jaurlaritza da proiektuaren sustatzailea, eta eraikinak 6.000 metro karratu izango ditu. Gaur goizean eman dituzte xehetasunak Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Eva Ferreira EHUko errektoreak. Era berean, aurkezpenean parte hartu dute Eneko Goia alkateak eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak.
Eraikina bi urte barru erabilgarri egongo dela adierazi du Bildarratzek, eta aurrekontua 12 milioi eurokoa dela. EHUk Ibaetan lagatako lursail batean eraikiko da. Guztira, 80 laborategi izango ditu, eta horietan 300 ikertzailek lan egingo dute. Besteak beste, esparru hauetan dihardutenak: konputazio kuantikoan, neutronikan, superkonputazioan, kimika aurreratuan, material berrietan, polimeroetan eta antzekoetan. Horrekin batera, eraikinean kokatuko dituzte Eusko Jaurlaritzaren IKUR ikerketa estrategikoko esparruetan diharduten EAEko talde zientifikoak.
“Donostiak urteak daramatza zientzia eta ezagutzaren arloko hiria izateko apustua egiten, eta horren emaitza da erakunde akademikoak, unibertsitateak eta ekimen publiko zein pribatua batzen dituen sarea”, adierazi du Goiak. Ildo horretan, azaldu du ikerketa zentro berriak “sare hori sendotzeaz gain haren potentziala biderkatu” ere egingo duela, “zientziaren eta ikerketaren munduan gero eta garrantzi handiagoa duen eremu batean erreferentzia baita zentro berria”.
Eraikin berriaren ezaugarriak
Eraikin berria Tolosa hiribidean kokatuko da, egungo Korta eraikinari atxikita, eta eraikitako 6.000 karratu izango ditu, lur gaineko bost solairutan eta soto batean banatuta. Solairu bakoitzak 1.100 metro karratu inguruko azalera izango du.
Eraikinak ingurumenari dagozkion irizpiderik aurreratuenak beteko ditu, eta eraikuntza arloko soluzio berritzaileez baliatuko da energia eraginkortasunaren inguruko eskakizunak betetzeko eta ikerketa laborategien behar funtzionalik zorrotzenei erantzuteko. Fatxadaren kanpoko azalak eguzkiaren argia leundu eta eraikinaren kontrol termikoa egiten laguntzen dio elementu metaliko bertikalez osatutako saretari.