Zerbitzu publikoetako soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak eskatu ditu Elkarrekin Donostiak
Elkarrekin Donostiako zinegotzi Haizea Garaik prentsaurrekoa eskaini du ostegun goizean udaletxean, udal gobernuari eskatzeko neurriak har ditzala udal zerbitzu publikoetako langileen soldata arrakalarekin amaitzeko. Etxez etxeko laguntzaren (ELZ) udal zerbitzuko langileekin eta eraikinetako garbiketako langileekin batera eskaini du prentsaurrekoa: “Emakume horiek indarrak eta ahotsak batu dituzte pairatzen ari diren desberdintasun kronikoko egoerarekin amaitzeko eskatzeko; bi zerbitzuak udalak azpikontratatzen ditu, eta, bi kasuetan, langile gehienak emakumeak dira (langileen % 97 eta % 94, hurrenez hurren), baldintza okerragoak jasaten ari dira, bai soldatari dagokionez, bai gizarte eskubideei dagokienez, nagusiki gizonek osatutako zerbitzu azpikontratatuetako langileak baino”, salatu du Garaik. Horrela, maiatzeko udalbatzarrean lantzeko interpelazio bat erregistratu du Garaik, “EAJ-PSE-EE gobernuak diagnostiko bat egin dezan udal zerbitzuetako langileek, azpikontratatutako zerbitzuetako langileek barne, pairatzen duten soldata arrakalari buruz, eta diskriminazio hori amaitzeko plan bat aurkez dezan”.
Garaik salatu du udaleko agintariek ez dietela jaramonik egin aipatu zerbitzuetako langileei, eta, horregatik, haiekin biltzeko eskatu dio udal gobernuari: “Eskatzen diogu premiaz biltzeko bi zerbitzuetako langileen ordezkaritza sindikalarekin, haien proposamenak eta beharrak jasotzeko, lan, soldata eta eskubide sozial duinak bermatzeko. Udalak, erakunde gisa, eredugarri izan behar du, eta ez du utzi behar bere langileen artean eskubide urraketa hori gertatzen. Eredu izan behar du hiriko soldata arrakalaren aurkako borrokan”.
Bestalde, ELZ-ko langileek salatu dute soldata arrakala baldin badago, honakoagatik dela: “Udalek ez dituztelako aintzat hartzen zaintzen dituzten emakumeak, nahiz eta berdintasunaren aldeko legeak egon”. Salatu dutenez, sektore feminizatuen eta maskulinizatuen arteko “soldata arrakala urtean 6.000 eurotik gorakoa” da, eta, horregatik neurriak hartzeko eskatu diote udalari: “Lehiaketa publiko baten bidez egiten den eta irabazi asmoko enpresek kudeatzen duten zerbitzu baten erantzule subsidiario gisa, ELZ-ren lizitazio berrian, kalkuluan soldata igoera duina eta azken urteotako erosahalmen galeraren araberakoa kontuan hartzeko”.
Eraikinetako garbiketako langileek ere hitza hartu dute, eta jasaten duten prekarietatea salatu dute, baita prekarietate hori soldatatik harago doala ere: “Gizonek 4,74 euro kobratzen dituzte garraio plusean, eta emakumeek, berriz, 2,09 euro. Era berean, gizonek familia lizentzia ordainduak eta gizarte laguntzak dituzte, baina emakumeen kasuan ez dira kontuan hartzen. Non dago berdintasuna?”.
“Tristea da Donostiako Udala, martxoaren 8ero bere burua morez argiztatzen duena, jasaten duten diskriminazioaren partaide izatea; izan ere, beren erantzuna, berraztertzea eta desberdintasun horien konplize ez izatea planteatu zaien bakoitzean, ez dituztela ikusten esatea da”, gaineratu dute.