Amnistiaren Aldeko aste odoltsua
1977an, Euskal Herrian Amnistiaren Aldeko hiru aste egin ziren otsailean, maiatzean eta urrian. Maiatzaren 8tik 16ra egin zen bigarrena, eta poliziaren eta Guardia Zibilaren errepresioak zazpi hildako eta zauritu ugari utzi zituen egun haietan, horietako batzuk Donostian.

Aste honetan 45 urte bete dira Euskal Herrian Amnistiaren Aldeko Bigarren Astea egin zutenetik. 1977ko maiatzaren 8tik 16ra mobilizazio ugari egin zituzten euskal presoak kaleratzeko eskatzeko, baina protestak gogorrak izan ziren: poliziaren eta Guardia Zibilaren errepresioaren ondorioz zazpi lagun hil ziren. Gainera, karga polizialen ondorioz hainbat zauritu ere izan ziren, horietako batzuk Donostian.
Berria egunkariak 2017ko artikulu batean argitaratu zuenez, garai hartan 21 euskal preso politiko zeuden kartzeletan, horietatik lau Frantziakoetan. Amnistia bi zentzutan aldarrikatzen zuten orduan. Alde batetik, presoak kaleratzeko eskatzen zuten, eta bestetik, Euskal Herrian “benetako” demokrazia bideratzeko behar ziren baldintzak ezartzeko exijitzen zuten, preso gehiago egon ez zitezen. Eskaera horiek aldarrikatzeko egin ziren amnistiaren aldeko hiru asteak 1977an, otsailean, maiatzean eta urrian. Maiatzean, ETAm, ETApm eta talde armatuak gogor ari ziren, eta giro politikoa nahasia zen. Hilaren 8an, gobernu espainiarrarekin amnistiaren gaia negoziatzeko batzorde herritar bat sortu zen, euskal alderdiek eta herrietako alkateen ordezkariek osatua.
Maiatzaren 12an greba orokorra izan zen Hego Euskal Herrian, eta Errenterian istiluak izan ziren: Gregorio Maritxalar bala batek jo zuen balkoian zegoela, eta egun batzuk geroago hil zen; Rafael Gomez subfusil baten tiroz hil zuten, paseatzen zebilela. Clemente del Caño Ibañez auto batek harrapatu zuen, Bilbo-Behobia autobidean, guardia zibilek barrikada bat kentzera behartu zutenean. Maiatzaren 13an, Jose Luis Cano hil zuten, Iruñean. Errenteriarra zen, baina Donostian bizi zen. Egun berean hil zuten Luis Santamaria, 72 urtekoa, Iruñean hura ere. Manuel Fuentes gaztea, berriz, Ortuellan (Bizkaia) hil zuten, hurrengo egunean. Francisco Javier Nuñez ere hil zuten, Bilbon.