Basque Culinary Center, denen ahotan
Basque Culinary Center-ek Grosen eraikiko duen egoitza berriak askotariko erreakzioak sortu ditu hirian eta udal taldeetan.
Groseko Okendo Alde eremuan eraikiko du Basque Culinary Center (BCC) erakundeak hiriko bere bigarren egoitza: Gastronomy Open Ecosystem (GOe). Nazioarteko lehiaketa bat egin dute egoitza berriaren diseinua zehazteko, eta Danimarkako BIG (Bjarke Ingels Group) arkitektura estudioaren Olatuen bidea proposamena izan da irabazlea. Horrela, aurreikusten dute eraikuntza lanak 2023ko martxoan hastea, 2024rako bukatzea.
Aurrekontua 26 milioi euro ingurukoa izango da: Eusko Jaurlaritzak hemezortzi milioi euro jarriko ditu, Gipuzkoako Aldundiak sei milioi euro eta BCC erakundeak bi milioi euro. Donostiako Udalak ez du dirurik jarriko, baina Okendo Alde eremuko lursail zati bat emango dio BCC-ri. Tokiko Gobernu Batzordeak oraindik ez du lagapena onartu, baina Eneko Goia alkateak azaldu du “datorren astean edo hurrengoan” onartuko dutela. Ondoren, udalbatzarretik pasa beharko da, eta udal taldeek ekarpenak egiteko aukera izango dute.
Askotariko iritziak
Proiektuak eztabaida sortu du hirian, eta askotariko kritikak egin dizkiote; besteak beste, udalaren jabetzako lursail bat erakunde pribatu bati lagatzeagatik eta Grosen gelditzen diren azken berdeguneetako bat desagerraraziko duelako.
Hain zuzen ere, hortik jo dute Elkarrekin Donostiaren zinegotzi Haizea Garairen kritikek. Haren ustez, “zentzugabekeria handia” da BCC-ren Groseko egoitza berriaren eraikina nolakoa izango den iragartzen aritzea, “udalak oraindik lursailaren jabari publikoko emakida egin ez duenean”. Era berean, udal gobernuaren jarrera gogor kritikatu du Garaik: “Eneko Goiaren gobernuak bizkarra ematen die Donostiako herritarrei, Groseko bizilagunen beharrei, eta, kasu honetan, unibertsitate pribatu eta elitista baten oinetan jartzen da”.
EH Bilduk azaldu du proiektuari buruzko informazioa jasotzen ari direla oraindik, eta zenbait alderdi aztertzen ari direla, esaterako, etxebizitza eskubidearena: “Lehenik, arreta handiz jarraitzen ari gara etxebizitza eskubidearen aldeko hainbat eragilek egin duten salaketa, esanez Gros auzoan espekulazioa are gehiago areagotuko dela proiektua gauzatzen bada”. Gaia mugikortasunaren ikuspegitik ere aztertzen ari dira: “Hasierako proiektuan ez zen aurreikusten eraikinaren azpian aparkaleku misto bat egotea […]. Grosen lurpeko bi aparkaleku berri egoteak (bestea Pio X.enekoa izango da) izango duen eragin negatiboa aztertzen ari gara”. Era berean, BCC-ren eraikinak inguruko «euskararen erabileran eta paisaian izango duen inpaktua» ere aztertzen ari dira, eta kritikatu dute udalak alderdi horietan azterketarik egin ez izana.
PPko bozeramaile Borja Corominasek, aldiz, begi onez ikusi du proiektua: “BCC, gastronomiaren arloan, talentuaren eta berrikuntzaren erakargune bat da, eta hirian zabaldu nahi badu, ondo dago hiriak eta erakunde publikoek horretarako laguntzea”. Era berean, adierazi du erakundearen egoitza berria hiriaren erdigunean egotea ondo dagoela, “horrela are erakargarriagoa izango delako”. Berdegune bat galduko dela dioten kritiken aurrean, aldiz, honakoa esan du: “Donostian, ia edozein lekutatik oinez abiatuta, bost edo hamar minutura gune naturalen batera iritsi zaitezke. Ez zait iruditzen hiriari halako guneak falta zaizkionik”.
Proiektuari ezetz esatea, “arduragabea”
Eneko Goia alkatea proiektuaren alde agertu da: “Zertaz hitz egiten ariko ginateke, esango baligute proiektu hau Donostia ez den beste leku batean egingo dutela? […]. Proiektuan sinesten dute. Hemen egin nahi dute. Eta, Donostiak zer esango du? Ezetz, Donostian ezetz? Bada, nik uste dut ez dugula hori egin behar”. Harago ere joan da alkatea: “Donostiak ezin dio ezetz esan horri, benetan, uste dut arduragabea izango litzatekeela gure aldetik”.
Bestalde, udal gobernuko beste alderdiak, PSE-EEk, begi onez ikusten du proiektua baita ere, Duñike Agirrezabalaga zinegotziak azaldu duenez: “Printzipioz, berritzailea eta eraginkorra den eta hirian oso garrantzitsua den jarduera bat –kasu honetan, gastronomia– garatzeko balio dezakeen edozein egitasmo begi onez ikusten dugu. Izan ere, ikuspuntu zientifikotik eta akademikotik, nazioartean erakargarriak eta interesgarriak izan jarraitzeko balio ahal digu”. Horrela ere, eremu horretan eraikitzea aurreikusten diren 90 etxebizitzak eraikitzeko beharra nabarmendu du: “BCC-k egin zitzakeen proposamenen aurrean, guk jarri genuen baldintza izan zen proiektuak eraginik ez izatea eremu horretan aurreikusita dauden adinekoentzako eta gazteentzako etxebizitzetan”.