Horma irudi bat egin dute Txaparrenen, pasealekua segurua izatea eskatzeko
Horma irudi bat egin dute Itxaurrondoko Txaparrene pasealekuan, bidea seguruagoa izatea eskatzeko. Horrez gain, martxa bat ere egin dute gaur goizean, Elkarbizitza Txaparrenen lelopean, IZBE auzo elkarteak, Aitona Amonen Etxeak, Artzak Ortzeok elkarteak eta Zulo Zahar elkarteak antolatuta. “Hemen dagoen arazorik handiena da kolektibo desberdinak elkartzen garela. Oinezkoak, txirrindulariak, patineteak, gurpildun aulkietan doazen pertsonak, haurrak, etab. Pasealekuaren zati bat aldapa behera da, eta oso erraza da oinezkoak ez direnak azkarregi joatea. Neurriak hartu behar dira abiadura moteltzeko”, azaldu dute IZBE auzo elkarteko kideek.
Bost urte baino gehiago daramatzate udalari irtenbide bat eskatzen, baina oraindik irten bide hori ez dela iritsi adierazi dute. “Gaia serio hartzea nahi dugu, askotan liskarrak egoten baitira. Gainera, istripuren bat ere izan da, batez ere, Ategorrietako geltokiaren inguruan. Hor kurba bat dago, eta ez da ikusten. Garrantzitsua litzateke hor ispiluak jartzea, adibidez”, nabarmendu dute.
Ondorengo argazki galerian ikus dezakezue nola elkartzen diren kolektibo desberdinak Txaparrene pasealekuan.