Lehiaketa gastronomikoa egin dute Morlansko jaietan
Jaiak ospatzen ari dira Morlansen, eta eguerdian lehiaketa gastronomikoa egin dute. Errioxar erara prestatutako patatak kozinatu dituzte auzotarrek, eta jarraian herri bazkaria egin dute.
Gaurko momentu garrantzitsuen artean izango da arratsaldeko auzoen arteko dema. “Demasa” izatea espero dute, eta bizilagun dituzten Aietekoen aurka izango da.
Gaua, auzoan ohikoa duten eran, rockez blai izango da. Therror73 auzotarren lehen kontzertua izango da larunbatekoa. Ondoren, Bartzelonatik datorren Las Furias nesken hirukote punk-rockeroaren txanda izango da, zuzeneko indartsu eta probokatzailearekin. The OhNos punk-rock taldeak osatuko du gaua. Suediatik dator laukotea, eta Europatik egiten ari diren biraren baitan egingo dute geldialdia Morlansko jaietan.
Baina ez da hor bukatuko gaualdia. Rock in the txozna-rekin dantzatzen eta gozatzen jarraituko dute bizilagunek Leire plazaren inguruan. Aurten, Blua DJak eta Buruki DJak arituko dira platerak astintzen eta gerriak mugiarazten.