Milaka euskaltzale batu ditu Euskara Aurrera manifestazioak Donostian
Milaka euskaltzalek hartu dute parte euskararen aldeko Euskara Aurrera manifestazioan. Antiguako tuneletik abiatu da 17:30ak inguruan, Euskara Aurrera zioen pankarta bat buru zuela, eta manifestazioak aurrera egin ahala, gero eta jende gehiago batu da pankartaren atzean euskararen aldeko aldarriak egitera. Besteak beste euskara aurrera, azterketak euskaraz eta Euskal Telebista euskaraz, leloak esan dituzte ozen, eta txalo zaparradak etengabeak izan dira. Ordubete inguru iraun du, eta Bulebarrean amaitu da.
Gaztealdiak, euskararen aldeko gazteen sareak, apirilean aurkeztu zuen Euskara Aurrera egitasmoa, euskararen aldeko “urrats erraldoi” bat egiteko helburuarekin. Gaur, positiboki baloratu dute izan duen arrakasta. “Euskaraz bizitzeko eskubidea dugun herritarrak gara, egun euskaraz bizi garen herritarrak, eta baita egun euskaraz bizi ez arren, etorkizuna euskaraz irudikatzen dugunak ere. Badator euskararen aldeko herri bultzada berria, guztion artean egingo dugu. Euskara Aurrera! Gora Euskal Herri euskalduna!”, aldarrikatu du amaierako ekitaldian Begoña Garaikoetxeak, Gazte Euskaltzaleen Sareko kideak.
Adin guztietako jendeak, eta Euskal Herriko leku desberdinetakoak egin du bat manifestazioarekin. Bertan izan dira, baita ere, Alizia Iribarren, AEK-ko lehendakaria, Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, eta Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, besteak beste. Jarraian ikus dezakezue Euskara Aurrera manifestazioko irudi bilduma.