Adnan Januzajek eta Nacho Monrealek ez dute Realean jarraituko
Liga bukatu berritan, Realak taldean jarraituko ez duten bi jokalariren berri eman du: Adnan Januzaj eta Nacho Monreal. “Gurekin egondako denboran erakutsitako bere konpromiso eta esfortzua eskertu nahi diegu, eta, era berean, onena opa die bere etorkizun pertsonal eta profesionalerako”, azaldu du klubak.
Bi jokalarien ekarpena zeharo desberdina da. Januzaj belgikarra 2017an iritsi zen Donostiara. 167 partida jokatu ditu Realarekin eta 23 gol egin ditu. Kopa irabazi zuen txuri-urdinekin eta Europa Ligako azken hiru denboraldietan parte hartu du. Kontratua berritzeko eskaintza luzatu zion Realak, eta hasiera batean onartu bazuen ere, atzera egin zuen gerora. Azken astetan, berriz ere negoziatzen aritu dira, eta dirudienez ez dira akordio batera iritsi.
Aldiz, Monreal jokalari nafarra 2019an iritsi zen Donostiara. 69 partida jokatu eta lau gol egin ditu. Berak ere Kopa irabazi zuen Realarekin, eta Europa Ligako azken bi sasoitan parte hartu du. Aurten, Monrealek ez du partida bakar bat ere jokatu min hartuta pasa duelako denboraldi osoa.