Donostiak eta inguruko herriek daukate estatuko errenta mailarik altuena
INE Espainiako Estatistika Institutuak 2022ko adierazle urbanoen txostena argitaratu du, eta, horren arabera, Donostiako metropoli eremuak –hiriak eta inguruko herriek– dauka Espainiako Estatuko batez besteko errenta mailarik altuena. 2019ko datuetan oinarrituta osatu dute txostena.
Hain zuzen ere, INE-k estatuko hiri nagusietako metropoli eremuak aztertu ditu, eremu horien barruan sartuz lan merkatuari dagokionez hiri horren eraginpean dauden inguruko herriak. Horrela, estatu osoan halako 70 metropoli eremu aztertu ditu, eta Donostiakoa da batez besteko urteko errenta mailarik altuena duena: 16.952 eurokoa. Interpretatu daiteke INE-k aztertu duen eremu hori, Donostiaren kasuan, Donostialdea dela; hau da, Donostia, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte, Urnieta, Usurbil, Oiartzun, Errenteria eta Pasaia udalerriak. Era berean, bigarren eta hirugarren postuetan Bilboko eta Gasteizko metropoli eremuak daude, Madrilgoaren eta Bartzelonakoaren aurretik.
Donostiako udalerriari soilik erreparatuz, aldiz, estatuan urteko batez besteko errenta mailarik altuena duen hamargarren udalerria da, 18.874 eurorekin. Adierazle horren sailkapenean, Euskal Herriko beste udalerri bat dauka hiru postu gorago: Getxo, 20.335 eurorekin (Bizkai). Lehenengo postuan Pozuelo de Alarcon dago, 26.367 eurorekin (Madril, Espainia).
Bestalde, langabezia tasari dagokionez, estatuan langabezia tasa baxuena duen bosgarren udalerria da Donostia, 7,8ko tasarekin. Altuena Linaresek (Andaluzia, Espainia) dauka, 30,9ko tasa baitauka.
Era berean, bizi itxaropen altuena duen hamahirugarren udalerria da Donostia, 83,9 urterekin; kasu horretan, Pozuelo de Alarconek dauka altuena, 85,5 urterekin. Getxo (84,7), Gasteiz (84,3) eta Iruñea (84) Donostiaren aurretik daude bizi itxaropenean.