Gizarte Zerbitzuek 15.928 familia artatu zituzten iaz
Donostiako Gizarte Zerbitzuetako Zentroek 15.928 familia artatu zituzten 2021ean, 2020koaren kopuru oso antzekoa, baina 2019koa baino %6,21 handiagoa. Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak eta Garikoitz Agote saileko zuzendariak gaur goizean aurkeztu dituzte 2021eko memoriari buruzko datuak.
San Romanek azpimarratu duenez, “2021. urtea berezia izan da ezbairik gabe; pandemiak eragindako larrialdiko gizarte premiek oraindik ere jarraipena izan baitute. Edonola, pandemiaren bilakaera positiboak aukera eman digu urtean zehar hainbat gizarte zerbitzu, baliabide, laguntza eta inbertsio berriro ere berreskuratzeko. Horri esker, pertsona eta familiei zuzendutako aurrez aurreko arreta orokortu eta izaera askotariko gizarte zerbitzu eta baliabideak suspertu ditugu 2021. urtean zehar”.
Udalak aurten 31.625.952 euroko aurrekontua bideratu du Gizarte Ekintzara, “azken hamar urteetan izan den kopururik handiena”, jakinarazi dute. Aldi horretan aurrekontua %43 handitu da.
2021ean 15.928 familia artatu dira, aurreko urtean baino %1,03 gutxiago, baina 2019an baino %6,21 gehiago. Familia horietako 3.685 lehen aldiz joan ziren gizarte zerbitzuetara, eta zifra hori %6,47 jaitsi da. Horrek adierazten du 2020an Gizarte Zerbitzuetara sartu ziren familia asko babes sozialeko sisteman egon direla joan den urtean.
Gainera, 2021ean zehar, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Zentroek eta Gizarte Larrialdietako Zerbitzuak hiriko pertsonek eta familiek planteatutako premien arretarekin lotutako gizarte baliabideen 19.412 eskaera berri kudeatu dituzte, azken zortzi urteetako kopururik handiena.
Horrela, jasotako baliabideen eskaerak %13,03 igo dira 2020koekin alderatuta. “Hala ere, kontuan hartu behar da 2020ko salbuespena. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuak aldi baterako eten zituen zentro desberdinetako pertsonen sarrerak, eta sei hilabetez luzatu zituen berrikus zitezkeen mendetasun graduak. Adinekoen eta desgaitasunen baliabideek nabarmen egin zuten behera 2020an, eta 2021ean %16,9 egin dute gora”, azaldu du udalak.