Mariam Coulibalyk Ibaeta Basketen jarraituko du beste denboraldi batez
Mariam Coulibaly pibot maliarrak Ibaeta Basketen jokatuko du 2022-2023ko denboraldian ere, kontratua luzatu baitu talde donostiarrarekin, beste denboraldi baterako. Coulibaly 2020an heldu zen Ibaeta Basketera, eta taldearen funtsezko jokalarietako bat da gaur egun; “ziurtasuna ematen du kantxan”, dio klubak.
Hain zuzen ere, ligako MVP saria jasotzeko hiru hautatuen artean izan zen 24 urteko maliarra: batez beste, partida bakoitzeko 15,3 puntu sartu ditu azken denboraldian, 8,2 errebote hartu ditu eta 19,1 puntuko balorazioa izan du.
Coulibalyrenarekin, Ibaeta Basketek hiru jokalari garrantzitsuren kontratuak berritu ditu dagoeneko, pasa den astean Yurena Diaz eta Maria España kapitainek euren kontratuak berritu baitzituzten.