Sai zuri batek Antondegi bisitatu du, beste behin
Iazko uztailean behatu zuten estreinakoz sai zuri bat Martuteneko Antondegi eremuan, eta abuztuan bideoan grabatzea ere lortu zuten, elikatzen ari zela. Orain, Itsas Enara Ornitologia Elkartekoek berriz ere sai zuri bat ikusi dute Antondegin; zehazki, larunbatean ikusi zuten, hilaren 21ean. Nabarmendu dutenez, “espezie mehatxatua” da, eta Antondegi da animalia hori ikusteko aukera dagoen hiriko “toki bakanetakoa”. Euskal Herrian bizi diren hegaztietatik, galtzeko arrisku handiena duen hegazti espeziea da, mundu osoan baitago galzorian, Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren arabera.
Bestalde, Itsas Enarakoek azaldu dute zapelatz liztorjalearen pase garaia dela orain, eta, hain zuzen ere, espezie horretako hainbat ale ikusten ari direla egunotan Antondegin. Esaterako, beheko argazkikoa hilaren 14an ikusi zuten.
Horrez gain, atzo bertan, hilaren 22an, “euskal kostaldeko denboraldiko lehen Audouin kaioa” agertu zen Donostian, Itsas Enarak azaldu duenez. Hain zuzen ere, Castellon jaiotako ale bat zen, eta bideoan grabatu zuten: