Abegi Etxean egonaldiak hiru egunetik bostera luzatzea lortu du EH Bilduk
EH Bilduk jakinarazi duenez, udal gobernuarekin hainbat neurri adostu dituzte hirian bizi diren etxerik gabeko pertsonen arreta publikoa hobetzeko. Zehazki, Abegi Etxean sartzeko eta egoteko baldintzen inguruko bi neurri onartuko dira, udal taldeak araudi berriari egindako zuzenketei esker. “Lortu dugu etxerik gabeko pertsonentzako arreta eredu berri baterantz aurrerapausoa ematea”, adierazi du Olaia Duarte zinegotziak.
Alde batetik, Abegi Etxean egonaldiak hiru egunetik bostera luzatzea lortu du EH Bilduk. “2004tik gehienez ere hiru eguneko egonaldiak onartzen ziren –kasu zehatzak eta adingabeak zituzten familiak izan ezik– eta, gero, pertsona horrek ezin zuen berriro eskatu baliabide hori hiru hilabete igaro arte. Muga hori ez dator bat etxerik gabeko pertsonen egungo ezaugarriekin”, adierazi du Duartek. Ordea, Gizarte Zerbitzuei buruzko legediaren arabera, zerbitzu horiek zazpi egunez eskaini behar dela gaineratu du.
“Helburu horretara hurbiltzeko lehen urrats moduan, EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu zuen egonaldia bost egunera luzatzeko eskatuz. Hasiera batean, EAJk eta PSE-EEk gure zuzenketari ezezkoa eman arren, negoziazio erronda berri baten ondoren, azkenean, udal gobernuarekin adostu dugu zerbitzuaren iraupena bost egunekoa izatea”, azaldu du Duartek. Era berean, hiru hilabeteko muga kentzea hitzartu dute udal gobernuarekin. “Horrek guztiak Abegi Etxera sartzen diren pertsonekin esku-hartze prozesu sakonagoak eta iraunkorragoak ahalbidetuko ditu. Izan ere, ia bikoiztu egingo da pertsona horiek Gizarte Zerbitzuetako profesionalekin igaroko duten egonaldi bakoitzeko denbora”.
Bestalde, gardentasunean eta gobernantzan “aurrerapenak” lortu dituztela adierazi du Duartek: “Udal Gobernuak egonaldiak kudeatzeko Batzorde Tekniko bat sortzea proposatu zuen. Bada, EH Bilduren ekimenez, hemendik aurrera batzorde horrek, Abegi Etxeko Zuzendaritzarekin batera, hiru hilean behin eguneko eta gaueko arreta baliabideen egoerari buruzko txostenak egingo ditu, eta txostena Gizarte Ekintzako Kontseiluan aurkeztu da. Kontseilu horretan, hirugarren sektoreko hainbat erakunde eta Osoko Bilkuran ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak daude. Beharrezkotzat jotzen dugu gardentasun eta kontrol ariketa hori egitea eta, gainera, gaur egun hain beharrezkoa den lan komunitarioari bide ematen dio”.