Elkarrekin Podemos-IUk Donostiako zezenketen aurkako aldarrikapena "kalera eraman" nahi du
Aitzole Araneta eta Maitze Gartzia hamar bat eragile ekologista, animalista eta sozialekin bildu dira zezenketei buruz hitz egiteko, eta Aranetak osteguneko udalbatzarrera eramango du gaia.
Azken bi urteotan, pandemiaren ondorioz, ez dute zezenketarik antolatu Illunbeko zezen plazan, baina udalak apirilean jakinarazi zuenez, Aste Nagusian zezenketak itzuliko dira Donostiara, Manuel Martinez Choperak gunea alokatu baitu. Horren aurrean, Elkarrekin Podemos-IUk iragarri du “ekintzak indartu” egingo dituela, “Donostia zezenketarik gabeko hiria izan dadin, gizarte zibilaren eskutik”: “Helburua aldarrikapen hori kalera eramatea da, hainbat mobilizaziorekin, udal gobernuari eskatzeko kasu egin diezaiola donostiarrek zezen ikuskizunak egiteari dioten arbuio handiari”.
Horretarako, Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiako bozeramailea eta Maitze Gartzia EAEko Ahal Duguren Gizarte Zibileko arduraduna hamar bat eragile sozial, animalista eta ekologistarekin bildu ziren larunbatean, “sinergiak sortzeko eta zezenketen amaieraren eskaera esparru guztietara eramateko mobilizazioak egiteko: erakundeetan, kalean, sare sozialetan, eta abar”. Elkarrekin Podemos-IUren arabera, bilera “oso emankorra” izan zen: “Bildutako guztiek bat egin zuten kalean protesta aktibatzeko beharrarekin, inplikatutako alde guztien arteko baterako jarduerekin, hiriko zezen ikuskizunei betoa jartzea lortzeko, torturarekin eta animalien hilketarekin amaitzeko”.
“Alde guztiek partekatzen dute Illunbe udal eskumenekoa den azpiegitura denez, udalak eskumena duela azpiegitura horretan zer jarduera egingo diren erabakitzeko”, gaineratu du koalizio ezkertiarrak, baita “Eneko Goia alkatearen argudioa” kritikatu ere: “Esaten du ezin dituela zezenketak debekatu ezarritako prezio publikoa ordaintzen bada, tokiko gobernuak ahalmen osoa baitu bere jabetzako instalazio bati ematen dizkion erabilerak zehazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen moduan”.
“Borondate politiko kontua da zezenketekin amaitzea. Eta herritarrek oso argi eta hainbat modutan adierazi dute zezen ikuskizunak amaitzeko borondatea. Azken kontsultan, parte hartzaileen %71 tauromakiaren aurka agertu ziren”, gehitu du koalizioak. Horrela, lehenengo pauso gisa, Aranetak maiatzeko udalbatzarrera (ostegunean izango da) eramango du zezenketei buruzko herri galdeketaren inguruko mozio bat. Gauza bera egingo du koalizioak Gipuzkoako Batzar Nagusietan, “lurraldeko udalerriek zezen ikuskizunak diruz lagun ez ditzatela eta zezenketak indargabetzearen aldeko urratsak eman ditzatela eskatzeko”. Horrez gain, Elkarrekin Podemos-IUko arduradunek beste hainbat bilera egingo dituzte askotariko gizarte eragileekin, zezenketen aurkako mobilizazioak kalera eramateko.