Lagunekin kantatu dute berriz ere
Baten batek esan zuen kantatzen duen herria ez dela inoiz hilko, eta Intxaurrondon argi daukate hori. Pandemiaren urteetan lagunekin kantatu ezinik egon ostean, IZBE auzo elkarteak eta Donostia Kulturak Lagunekin Kantari egitasmoa berreskuratu dute aurten, Alberto Murua antolatzailearen esanetan, “gogo handiz”. Gainera, aurten 20 urte bete ditu egitasmoak, 2002an antolatu baitzuten estreinakoz, IZBE-k eta Donostia Kulturak 2001ean antolatutako euskal kanten ikastaro baten ondoren.
Peio Ospitalek ireki zuen 2022ko Lagunekin Kantari hilaren 16an, hori bai, oztopo batzuk gainditu ostean: “Pasa den asteko uholdeen ondorioz, Larrotxene Kultur Etxean kalte handiak izan ziren [Larrotxenen egiten dute beti Lagunekin Kantari], eta azken momentuan Intxaurrondo Kultur Etxera pasa behar izan genuen. Badaezpada ere, hau ere erreserbatuta geneukan, eta eskerrak! Korrika eta presaka, jendeari abisatu behar izan genion, kantariari ere, eta abar”, azaldu du Karmelo Elizondo antolatzaileak. Horrela ere, “oso saio polita” izan zen, eta Elizondok nabarmendu du Ospital bera ere oso pozik gelditu zela: “Emanaldiaren ondoren, deitu egin zidan, eta esan zidan gutxitan gozatu duela hainbeste. Jendearen aurpegiak pozez ikusten zituela, eta asko gozatu zuela horregatik”.
Horrela, Antton Valverde musikari donostiarraren txanda izan zen atzo, eta giro aparta sortu zuen Intxaurrrondo Kultur Etxean, poema musikatuen bidez. Lagunekin Kantarikoen aspaldiko ezaguna da Valverde, musikariak berak adierazi zuen moduan, hiru aldiz jo baitu egitasmoaren barruan: “2010ean, 2016an, eta orain. Sei urtean behin hemen naukazue”.
Ordubete inguruko kontzertuan, bere ibilbide luzean zehar oso garrantzitsuak izan diren hainbat poetaren poemak kantatu zituen: Harkaitz Canorekin hasi zen, Valverdek bere poema batzuk musikatu baitzituen 2020an argitaratutako Gaua. Ausentziaren itzala diskoan. Canoren hiru poemaren ondoren, Xabier Lizardiren eta Xabier Leteren obran murgildu zen, eta beste poeta batzuen poemak ere tartekatu zituen: Rikardo Arregiren, Miren Agur Meaberen eta Tere Irastorzaren poema bana kantatu zuen. Kanta mantsoak erritmo handiagokoarekin tartekatu zituen Valverdek, ikusleek letrak arreta handiz irakurtzen zituzten bitartean; kanta bizkorrenetan, bururen bat eta oinen bat edo beste alde batetik bestera mugitzen ere ikusten zen, erritmoa jarraituz. Abesti baten eta bestearen artean, “zer polita!” komentatzen zuten ikusleek euren artean.
Valverdek bere kantaldia amaituta, ohiko legez, musikariak berak eta ikusle guztiek sei pieza abestu zituzten elkarrekin, arratsaldeari amaiera ezin hobea emateko. Han bildutako 60 bat lagunek gogo handiz abestu zuten, eta txalo zaparradak eta irribarreak gero eta handiagoak ziren. Bukaeran, han bildutako guztiek abesti bat eskaini zioten Valverderi, donostiarrak zutik eta arretaz entzuten zituen bitartean. Azken doinuaren ostean, elkarren arteko zorion mezuak partekatu zituzten Valverdek berak eta ikusleek, eta denek ondorio bera atera zuten: “Zer gustura egon garen”.
Oraindik ez da amaitu
Lagunekin Kantari egitasmoak aurrera jarraitzen du, eta astelehenean, hilaren 30ean, Donostiako hainbat kantu taldek elkarrekin abestuko dute: “50 bat pertsonako kantu taldea daukagu, eta bi zatitan banatuko dugu, bakoitzak pieza batzuk abesteko. Amarako kantu taldetik ere badatoz, beste pare bat kanta abesteko. Ondoren, nik, nire anaiak eta beste batek beste pare bat pieza joko ditugu, hiru ahotsetan”, azaldu du Muruak. “Azken urteotan, Altzakoak ere etorri izan dira, baina aurten ez. Agian, pandemiarekin pixka bat eten dute euren jarduna”, gaineratu du Elizondok.
Bestalde, 2022ko Lagunekin Kantari ixteko, ekainaren 3an kantujira bat egingo dute auzoko kaleetatik: Larrotxenetik abiatuko dira, Lizardi bidea zeharkatuko dute Bernat Etxepare plazaraino igotzeko eta berriz ere Larrotxenera jaisteko. Bi urtez lagunekin kantuan ibili ezinik egon ostean, indar handiz berrartu dute ohitura hori Intxaurrondon, eta nabari da.
Jarraian, Antton Valverderen emanaldiko irudi bilduma: