"Urrats erraldoi bat egiteko gonbidapena egin genuen, eta egin dugula uste dugu"
Larunbatean egin zuten Euskara Aurrera manifestazioak izandako arrakastarekin pozik agertu dira antolatzaileak gaur, Egiako Teila Fabrikan egin duten agerraldian. Malen Frantsesena Gazte Euskaltzaleen Sareko kideak eta Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz egitasmoko kideak hartu dute hitza, eta larunbatekoak euskaltzale guztiei “indarra” eman zietela azpimarratu dute.
“Lehenik eta behin, eskerrak eman behar dizkiegu plazaratu genuen proposamenarekin bat egin duten eragile nahiz norbanakoei. Larunbatean milaka lagun bildu ginen Donostian. Dozenaka eta dozenaka eragile sozial, sindikal eta politikok beraien atxikimendua erakutsi ziguten. Dozenaka atxikimendu lortu ditugu, gainera, kultur, kirol, eta gizarte esparruetako pertsona esanguratsuen aldetik”, nabarmendu du Frantsesenak. Jaso duten harrera “ona baino hobea” izan dela adierazi du, eta guztien artean “aurrerapauso erraldoia” eman dutela gaineratu du.
Aginagaldek hartu du hitza ondoren, eta gogorarazi du azken asteotan behin baino gehiagotan esan dutela euskarak eta euskaldunek bizi duten egoerarekin “kezkatuta” daudela. Kezka hori, ordea, “kezka sortzailea” dela azaldu du, “egoeraren jakitun izan, eta aurrera bultzatzera garamatzana”. “Zenbakietatik harago, deialdi honek kuantifikagarria ez den beste lorpen bat ere izan du, jendartean poza eta ilusioa piztu ditu. Hilabete lehenago Korrikak egin bezala, euskalduntzean aurrera urratsak egiteko herri gogo bat badela eta energia berrituz taupaka ari dela sumatu dugu. Esan dezakegu prest gaudela Euskal Herriaren berreuskalduntzean jauzi indartsu bat egiteko”, esan du Aginagaldek.
Herri olatu eta hizkuntza politika berriak
Aginagalderen arabera, jauzi horrek bi gauza eskatzen ditu nagusiki: herri olatu berri bat eta hizkuntza politika berriak. Lehenengoari dagokionez, bakoitzak beretik eta bere neurrian “urrats bat aurrera” emateko deia egin du, euskalduntzearekiko konpromisoa hartu, eta euskararen aldeko olatua altxatzeko. “Azken asteetako abiapuntu bat besterik ez da izan, bagarela eta bagoazela esateko lehen urratsa”, azpimarratu du.
Bestalde, euskararen lurralde osoan hizkuntza politika berriak behar direla aldarrikatu du, eta baita euskararen biziberritzeak hemen eta orain “egiturazko neurriak” eskatzen dituela ere: “Administrazio publikoek beraien ardurak har ditzaten eskatzen du. Egungo garaietara egokitutako hizkuntza politika berriak pentsatu eta martxan jarri behar dira. Horregatik, euskararen lurralde osoko gobernuei irmo eskatzen diegu berandu baino lehen egungo erronka eta beharrei erantzungo dieten hizkuntza politiken inguruan eztabaidatu eta neurriak har ditzatela”.
Amaitzeko, berriro nabarmendu dute “oso pozik” daudela dinamikak izandako harrerarekin: “Urrats erraldoi bat egiteko gonbidapena egin genuen, eta egin dugula uste dugu”.