'Erronka Garbia' ziurtagiri iraunkorra eskuratu du Cristina Enea Fundazioak
Cristina Enea Fundazioa da Euskadiko lehenengo kultur zentroa IHOBE erakunde publikoak garatutako Erronka Garbia ziurtagiria eskuratu duena. Ziurtagiriaren aurkezpenean parte hartu dute Eneko Calvo fundazioko erakusketa proiektuen arduradunak, Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak eta Xabier Gonzalez IHOBEko Ingurumen Jasangarritasuneko zuzendariak.
Ziurtagiriaren irizpideak duela urtebete hasi ziren ezartzen fundazioaren erakusketa proposamenetan. Horri esker, fundazioak bere gain hartzen dituen ingurumen kudeaketako alderdiak sistematizatu dira. “Ia derrigorrezkoa zen irizpide horiek Cristina Enea Fundazioa bezalako erakunde batek garatzen dituen jardueretan aplikatzea, bere eguneroko zereginaren bizkarrezurra baita ingurumenarekiko kezka”, esan du Garmendiak. “‘Erronka Garbia’-ren metodologiari jarraitzeak balio izan digu gure izaeragatik gure baitan jada ditugun ingurumen kudeaketako alderdiak sistematizatzeko”, gaineratu du Calvok.
Ekitaldiak antolatzerakoan, ingurumenean eragiten den inpaktu negatiboa murrizteko baliagarria da Erronka Garbia metodologia. “Ziurtagiriaren eskakizunek ekitaldi baten zikloaren etapa guztietan bete beharreko alderdi guztiak jorratzen dituzte, ingurumen aldetik iraunkorra izan dadin”, azaldu du Gonzalezek.