Marrutxipiko lotune berria egiteko lanek inguruko berdegunean izango duten eragina aztertzeko eskatuko du Elkarrekin Donostiak
Eguzki Erakunde Ekologistak eta Parkea Bizirik plataformak joan den astean salatu zuten Intxaurrondoko Etzieta parkean eta inguruan 180 zuhaitz inguru markatuta daudela, GI-20 saihesbideko Marrutxipiko lotune berria egiteko lanak direla eta, bota egingo dituztelako. “Naturaren eta herritarren ondarearen aurkako beste eraso bat” dela salatu zuten, eta salaketa hori maiatzeko udalbatzarrera eramango du Haizea Garai zinegotziak bihar, hilaren 26an. Eneko Goia alkateak asteartean adierazi zuen “egun batetik bestera” hasiko direla lanak.
Zehazki, lotune berriak eremu horretan izango duen eragina aztertzeko eskatuko du Garaik. Izan ere, “zuhaitz masa galtzea dakarten jarduera horiek guztiz kontrakoak dira hirian aitortutako larrialdi klimatikoaren aurrean”, azaldu du Elkarrekin Donostiak. Garairen ustez, “udal gobernuak saihestu egin behar du zuhaizti hori moztea, hesi gisa jarduten baitu errepidearen trafiko handiak hiri zati horretan eragiten duen kutsadura akustikoa eta ingurumen kutsaduraren aurrean”.
Zinegotziak gogorarazi du “egiaztatuta” dagoela “zuhaitzak eta biodibertsitatea galtzeak eragin negatiboa duela pertsonen osasunean”. Ordea, bere ustez, kasu honetan harago joango da eragina: “Zuhaitzak ezinbestekoa dira errepide horretatik autoetarako sarbide berriak izango duen eragin negatiboa geldiarazteko. Alde batetik, berdeguneen galera horrek ingurua artifizializatzea eragingo du, baina, gainera, kutsaduraren aurkako hesi natural horren galera, hain zuzen ere, inguruneko ibilgailuen trafikoa handitzearen ondorioz emisioak areagotzen diren unean gertatuko litzateke, eta horrek ondorio kaltegarriak ekarriko lizkioke bizilagunen osasunari”.
“Gobernu honek, duela bi urte baino gehiago hirian larrialdi klimatikoa deklaratu ondoren hartutako konpromisoa du. Hala eta guztiz ere, ingurumen kutsadura, eragin akustikoa eta berotze globala geldiarazteko neurriak hartu beharrean, bai udal gobernua, bai Foru Aldundiko gobernua, tematuta daude natura ingurunean eragin handiak eta atzeraezinak dakartzaten obra eta proiektu ugari gauzatzen”, gehitu du Garaik.