Sonakayk bere hurrengo diskoaren lehenengo aurrerapena argitaratu du: 'Heroiak'
Sonakay flamenko talde donostiarrak bere hirugarren diskoa argitaratuko du ekainaren 8an, Suerte, baina lehenengo singlea kaleratu du dagoeneko: Heroiak. David Bowieren Heroes abesti ezagunaren euskal egokitzapena da, eta Harkaitz Cano idazleak itzuli du euskarara. Plataforma digitaletan dago entzungai.
Diskoko gainontzeko abestiekin egin duen moduan, Heroiak ere Jaime Stinusek ekoiztu du; musikari, konposatzaile eta ekoizle ezaguna da Stinus, besteak beste, Orquesta Mondragon taldean ibilitakoa.
Suerte-k zortzi abesti izango ditu: Heroiak, Luis Eduardo Auteren Al alba abestiaren egokitzapen bat eta Yoni Camacho taldeko abeslari eta buruak idatzitako sei abesti. Oiartzungo Mecca estudioan grabatu zuten martxoan, eta taldetik kanpoko hainbat musikarik hartu dute parte: Iñaki Salvadorrek (pianoa), Karlos Aranzegik (bateria), Fernando Neirak (baxua), Luis Moreno Pirata-k (haizeak), Bixente Martinezek, (gitarra), Jaime Stinusek (gitarra) eta Lara Mitxelenak eta Gema Inesek (txalaparta).
Taldearen arabera, hirugarren diskoa “inflexio puntu bat” izango da euren ibilbidean, “salto kualitatibo handia” emango dutelako. Era berean, iragarri dute dagoeneko kontzertu batzuk lotu dituztela, diskoa aurkezteko: Sestaon ekainaren 26an (Bizkai), Irunen abuztuaren 4an (Gipuzkoa) eta Elorrion irailaren 4an (Bizkai).